Iban Lopez de Goikoetxea Ourenseko Rallyan

Guaixe 2008ko ekainaren 20a

Larunbatean jokatuko da Espainiako Rallye Txapelketako hurrengo proba, Ourenseko Rallya. Espainiako Rallye Txapelketarako puntuagarria izateaz gain, Suzuki Swift Koparako baliagarria da ere aipatu rallya, eta hortaz, parte hartzaileen artean Ziordi Sport Eskuderiako Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarra izanen da. Jakina denez, aurten salto handia egin du olaztiarrak, Suzuki Swift kopan lehiatzen ari baita. Orain arte auto zaharrekin ibiltzen ohitua zegoen, baina aurten Suzuki Swift Sport auto berria dauka. Kopa barruan 16 pilotu ari dira lehian, denok auto berri berdinarekin eta baldintza berberetan. Maiatzaren bukaeran hasi zen Espainiako Rallye Txapelketa, Cantabria Infinita rallyarekin. Lan bikaina egin zuen pilotu olaztiarrak. Javier Goikoetxea kopilotu olaztiarrarekin batera Suzuki Swift koparen barruan seigarrenak izan ziren. Oso postu ona egin zuen Ibanek, kontuan hartuz autoa jaso berria zela eta oraindik puntuan jartzeko oso denbora gutxi izan zuela, eta bestetik, Goikoetxea kopilotu berriarekin aritu zela. Etapako une batzuetan laugarrenak izan ziren, baina azkeneko tarteetan euritarako gurpilak aukeratu zituztenez - euri jasa berehala amaitu eta lurra berehala lehorra geratu zen-, denbora galdu eta azkenean seigarrenak izan ziren. Helburua proba bukatu eta autoa ezagutu eta probatzea zenez, lan bikaina egin zuten.Helburua: proba bukatzeaOrdutik Ziordi Sport Eskuderia autoa puntuan jartzen aritu da, asteburu honetako proba helburu izanda. Asteartean hartu zuen Galiziako bidea Iban Lopez de Goikoetxeak. Proba honetan Iñigo Corres Arabako kopilotuaren laguntza izanen du, eta presiorik gabe Ourenseko rallya bukatzea du helburu, autoari kilometroak egin eta puntuan jartzeko. "Kantabrian %80an arituta seigarrenak izatea lortu bagenuen, autoa hobeki prestatzearekin aurrean egon gaitezke, baina nahiago dut mantso joatea eta helburu oso altuak ez jartzea. Kopilotu berriarekin ariko naiz eta oraindik autoa ez dago bere puntu onenean. Hortaz, lasai joatea dugu hoberena, estrategia horrek lehendik ere fruitu oso onak eman baitizkit" dio pilotu olaztiarrak. Lasterketaren data hurbildu ahala urduriago jartzen dela aitortu digu Ibanek, baina ez du aspertzeko betarik. Autoa txuriz margotu du, eta asteazken eta ostegunean Ourenseko errepideetan barna aritu zen lasterketa prestatzen, Corresekin. Izan ere, erregelamenduak soilik bi egun horiek uzten dizkie rallyko tarteetatik pasa eta lasterketa prestatzeko; gehienez ere hiru pasada egin ahal zaizkio zirkuituari. Ourenseko rallyak guztira kronometratutako 196 km dauzka, loturak kontuan hartuz 500 km pasa. Tarte horren luzeetan kontzentrazioa mantentzea lan handia izanen da pilotu eta kopilotuarendako. "Rally honetan ia urtero bero handia egiten duela esaten dute. Harri xehe  edo "legarra" asko omen dago, eta hori ere kontuan hartu beharko da" gaineratzen du. Ostiralean autoen egiaztapen teknikoak eginen dituzte eta larunbatean lehia gogorra izanen du aurrean. Ziordi Sport eskuderiako kideak ere Galizian izanen dira, lasterketa prestatzen. Informazio gehiagorako www.ibanlopez.com web orrira jo daiteke. Urbasako igoerako kopilotuaBestalde, uztailaren 19an Urbasako igoera jokatuko da, eta Iban Lopez de Goikoetxea lasterketako 0 autoa izanen da. Hau da, ez da lasterketan lehiatuko, hasieran ateratzen den autoa izanen da. Bada, berarekin autoan joateko zozketa egin zuten, 500 zenbaki banatuz, eta irabazlea 28. zenbakia izan da, Olaztiko Ekhi Lekuona. Bera izanen da Ibanen kopilotua Urbasako igoerako 0 autoan. Zorionak!