Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean jokatu zen Espainiako Rallye Txapelketako bigarren proba, Ourenseko Rallya, Suzuki Swift Koparako baliagarria. Jakina denez, Ziordi Sport Eskuderiako Iban Lopez de Goikoetxea pilotu olaztiarra Suzuki Swift Kopan lehiatzen ari da. Aipatu kopan 16 pilotu ari dira lehian, guztiak Suzuki Swift Sport auto berri berberarekin, baldintza berdinetan. Maiatzaren bukaeran Cantabria Infinita rallyan lehiatu eta gero, Suzuki Swift Kopan seigarrena zen olaztiarra. Kopako bigarren proban, larunbateko Ourensekoan hain zuzen, lasai ibili eta proba bukatzea zuen helburu Ibanek, autoari kilometroak egin eta puntuan jartzeko. Kopilotu berriarekin aritzekoa zen, Arabako Iñigo Corresekin. Asteazkenetik Ourensen zeuden biak, benetan gogorra den proba prestatzen, baina tamalez ustekabea izan zuten rallyan, bidetik atera eta autoak kolpe latza hartu zuelako. "Lehenengo tramutik gaizki hasi ginen. Beroa izugarria zen. Bihurgune batean hartxintxarrak edo harri solteak zeuden eta atera egin ginen, belarretan ez aurrera eta ez atzera geratuz. Bizpahiru minutu galdu genituen eta hurrengo tramuetan lasai aritu ginen, arriskatu gabe, denbora dexente galduz" dio Iban Lopez de Goikoetxeak. Arratsaldeko lehen tramuan gertatu zen ezbeharra, Cañón do Sil tramu mitikoan. Oraindik ere ez dakizkiten arrazoiengatik, bihurgune batean autoa bidetik atera eta pareta edo arroken kontra joan zen. Pilotu eta kopilotuak ez zuten minik hartu, baina autoak kolpe latza jaso zuen. Hasieran pilotuak ez zekien zergatik gertatu zen istripua. "Oso arraroa izan zen guztia, hasieran ez genekien zergatik atera ginen bidetik: akaso autoa ez zegoen behar bezala erregelatuta, edo entrenamenduetan bihurgunearen ezaugarriak gaizki apuntatu eta okertu ginen, edo kontzentrazio faltagatik etorri zen akatsa... baina azkenean ohartu gara akatsa mekanikoa izan zela, balaztetan akatsa mekanikoa zegoela. Nonbait bibrazioen eraginez edo lasatu zen eta likidoa atera zen. Kolpearen ondorioz kontua da autoaren txasia eta segurtasun barrak txikituta daudela" dio Ibanek. Asko kostata, baina jarraitzea erabaki duteMotorrak eta abiadura kaxak ez dute kalterik izan, baina txasia txikituta dago. Guztia konpontzeko aurrekontu handia behar da, eta lasterketan jarraitzea edo dena uztea izan zuten mahai gainean. Asko hausnartu ondoren Ziordi Sport Eskuderiak Espainiako Rally Txapelketan jarraitzea erabaki du. "Autoa ongi izanda aurtengo denboraldirako aurrekontuz oso juxtu genbilen, eta konponketari aurre egiteko diru iturri berriak lortu beharko ditugu. Atzera ere jaialdiak, herriko festetan ekitaldiak eta beste antolatu beharko ditugu dirua ateratzeko" azaldu du Iban Lopez de Goikoetxeak. Espainiako Rallyaren hurrengo proba abuztuaren 9an eta 10ean jokatuko da Ferrolen, eta ordurako autoa prestatuta izan nahiko lukete. Ourenseko Rallyari dagokionez, guztira kronometratutako 196 km-ko probako irabazlea Monzon eta Déniz izan ziren (Peugeot 207 S200), 2:09.18.9ko denborarekin. Suzuki Swift kopari dagokionez, irabazlea Esteban Nuñez eta Jose Pintor galiziarrak izan ziren (2:28.27,7). Sailkapen orokorrean Suzuki Swift Kopako liderra Gorka Antxustegi biztaitarra da, 42 punturekin. Iban Lopez de Goikoetxea 10.a da, 10 punturekin.