Faboritoen artean erabaki zen Urbasako Igoera

Guaixe 2008ko uztailaren 21a

Pedro Roca irabazle15:00ak ziren eta Mendi Racing eskuderiak dena prest zuen ikuskizunari hasiera emateko. Ordurako lekurik onenak harturik zituzten beroaz babesteko edariz eta eguzkitakoz hornituta joan ziren ikusleek. Entrenamentuko lehen igoerarekin motorrak berotu zituzten izena emana zuten 77 autoek eta portuan bildu ziren milaka ikusleek.Haren atzetik etorri zen lehen manga, istripuak erabakigarri egin zuena. Olazti eta Lizarra batzen dituen NA-718 errepidearen 38,050 puntu kilometrikoan irteteko prest zeuden kotxe guztiak, motorraren araberako hurrenkeran. Adituek Nafarroako mendiko txapeldun Egoi Eder Valdes, Espainiako txapeldun Pedro Roca eta Pantxo eta Aritz Egozkue zituzten faboritoen artean eta horien artean erabaki zen lasterketa. Balearretako automobilista, Pedro Roca izan zen azkarrena, Silver Car autoarekin, 3:20:124ko marka eginda. Haren atzetik sailkatu zen Mendi Racing eskuderiako Pantxo Egozkue, Speed Car GT-R autoarekin, 4:702ra. Talde bereko Egoi Eder Valdes hirugarrena izan zen, irabazlearengandik 4:749ra. Sakandarren artean Iñaki Gastaminza izan zen azkarrena, 28. postuan, 4:08:275eko denborarekin. Renault Super 5 GT Turbo autoa prestatzen urte eta erdi egin ondoren, marka onarekin mustu zuen olaztiar gazteak txapelketa. Proba hasi aurretik egindako adierazpenetan "afizio garestia dela" esan zigun olaztiarrak eta "hasiera batean, proba honetan baino ez duela parte hartuko". Emaitzen ondoren iritziz aldatuko du akaso. Iturmendiko Delfin Goikoetxeak auto berria mustu zuen Urbasako igoeran: MG Motor Imporda Garbi GTS autoa. 35. postuan sailkatu zen iturmendiarra, 4:14:228ko denborarekin. Aldiz, Garikoitz Floresek ez zuen irteera hartu, azken orduan enbragea apurtu baitzitzaion. Nahiz eta konpontzen saiatu, ezinezkoa izan zen eta ezin izan zuen parte hartu. Sailkapena1. Pedro Roca (Silver Car) 3:20:124. CM taldean 1. Na 6. mailan 1. 2. Pantxo Egozkue (Speed Car GT R) 3:24.826. CM taldean 2. Na 6. mailan 2. 3. Egoi Eder Valdés (Silver Car) 3:24.873. CM taldean 3. Na 6. mailan 3. 28. Iñaki Gastaminza (Renault 5 GT Turbo) 4:08.275. R mailan 7. Na 3. mailan 9.35. Delfin Goikoetxea (MG Motor Importa Garbi) 4:14.228. R mailan 11. Na 3. mailan 12.Istripu lazgarriarekin amaitu zen festa18:30 aldera amaitu zen festa Urbasako portuan, zoritxarreko kasualitate sortaren ondorioz, Antonio Jerez Romero olaztiarraren biziarekin amaituko zuen istripuarekin.Hasi berri zen bigarren manga eta igoeran parte hartzen ari zen Renault Clio batek aurreko ezkerreko gurpila galdu zuen. Zoritxarrak autoa babes hesirik gabeko bideberri ertzetik irtetea nahi izan zuen eta, are gehiago, justu une horretan 63 urteko gizonezkoa parean egotea. Bertan zegoen anbulantzia eta, larrialdiko plana martxan jarrita, berehala iritsi ziren bigarren anbulantzia bat eta Altsasuko medikua. Hala ere, Iruñerako bidean galdu zuen bizia olaztiarrak. Antolatzaileek esan zutenez, "probak seguritate neurri guztiak betetzen zituen" eta istripua "ezohiko arazo mekaniko baten ondorio izan zen" .Mendi Racing eskuderiak eta Nafarroako Automobilismo Federazioak, XXXI. Urbasako Igoeraren antolatzaile eta bultzatzaileek, eta probako parte hartzaileek bat egin dute familiaren saminarekin. Zorigaiztoko istripuaren ondoren antolatzaileek bertan behera utzi zuten bigarren igoera eta sari banaketa. Hortaz, lehenengo mangan egindako lanak erabaki zuen sailkapena.