Auto klasikoen erakusketa ostiralean Olaztin

Guaixe 2008ko uztailaren 23a

Erakusketa 12:30ean hasiko da, eta R-8, Alpine, Escarabajoak, Seiscientosak... eta halako auto klasikoen presentzia espero da. Antolatzaileek auzatea eskainiko dute eta ondoren, aipatu ibilgailuek ibilaldia eginen dute. Bestalde, aipatzekoa da larunbatean slaloma antolatzeko asmoa zuela Ziordi Sport eskuderiak, baina ekitaldia Olaztiko San Migel festetara atzeratuko dute, irailaren bukaerara. Abuztuaren 9rako autoa konpontzea, asmoaZiordi Sport eskuderiaz ari garela, eskuderia horretan dabilen Iban Lopez de Goikoetxea pilotuak argitu duenez, taldea ahalegin guztiak egiten ari da abuztuaren 9rako Ferrolerako rallyrako autoa konpontzeko.Jakina denez, aurten Espainiako Rallye Txapelketako Suzuki Swift Kopan lehiatzen ari da Lopez de Goikoetxea olaztiarra, Suzuki Swift auto berriarekin. Txapelketako bigarren proban, Ourenseko Rallyan, istripua izan zuten Iban Lopez de Goikoetxeak eta haren kopilotu Iñigo Corresek, hain zuzen ere, Cañón do Sil tramu mitikoan. Balaztetan akats mekanikoa izan zuten, eta bibrazioen eraginez edo lasatu eta likidoa atera zen. Kontua da bihurgune batean autoa bidetik atera eta arroken kontra jo zutela, autoaren txasia eta segurtasun barrak txikituz.Espainiako Rallye Txapelketako hirugarren proba Ferroleko Rallya da, abuztuaren 9an eta 10ean jokatuko dena. Ordurako autoa konpontzea da asmoa, baina oso lan konplikatua izanen da, denboraldi guztirako zeukaten aurrekontua autoaren konponketan gastatu beharko dutelako. Nolanahi ere, Suzuki Swift Kopan aurrera segitu nahi du Ziordi Sportek. Momentuz, aipatu Kopako liderra Gorka Antxustegi markinarra da, 42 punturekin. Iban Lopez de Goikoetxea 10.a da, 10 punturekin.