Olatzagutian astea kultur ekintzez betea dator

Guaixe 2008ko irailaren 19a

Kultur astea Agerre teatro taldeak zabalduko du. 22:30ean, kultur etxean, gazte eta helduendako Secando Charcos antzezlan mustu berria eskainiko du konpainiak. Garbi Losadaren zuzendaritzapean Ander Lipus, Maite Agirre, Joseba Usabiaga eta Ines Me de Iturrarte ariko dira taula gainean. Azken biek gainera musika ikutua emanen diote maitasunaren inguruan hausnartzen duen antzezlan honi. TxotxongiloakLarunbatean 6 eta 12 urte bitarteko olaztiarrek txotxongiloak egiteko tailer batean parte hartzeko aukera izanen dute. Horretarako, ordea, udaletxean izena eman behar da parte-hartzaileen kopurua 40 baita. Goizean tailerra emanen duen konpainiak, Los Títeres Vivosek, 17:30ean emanaldia eskainiko du ludotekan. Domekan, berriz, Ganso klowna adin guztietako olaztiarrei irribarrea ateratzen saiatuko da. 13:00etan izanen da, plazan. Ikus-entzunezkoakOlatzagutiako kultur astearen barruan, astelehenean, 20:00etan, kultur etxean Mytia soka laukoteak emanaldia eskainiko du. Asteartean, ordu eta toki berean, Pou anai arabarrek haien 7 paretak 7 kontinenteak ekimenaren berri emanen dute. Asteazkenean, berriz, kafearen komertzioaren sekretuen berri ematen duen dokumentala ikusteko aukera izanen da Olatzagutiako kultur etxean. 20:00etan izanen da. Kultur astea Gus Marionetas taldearen emanaldi batekin despedituko da, Liburuzaina estu eta larri. Txotxongilo emanaldi horren protagonista liburuzain bat da. Lapur batzuekin zenbait egun egotera behartuta egonen da. Egonaldi horretan liburuzainak lapurrei liburuekiko eta haiek gordetzen dituzten historiekiko maitasuna erakutsiko die. Txikienendako emanaldia liburutegian izanen da, ostegunean,18:00etan.