Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olaztiko Sutegi elkarteak 2000 urtean antolatu zuen lehen aldiz Urbasako igoera, San Migel festak girotzeko asmoz: Olaztiko plazatik abiatuta, Urbasako mendi gaineraino igo eta atzera ere herrira jaistea zen egin beharreko bidea, 6 km. Zazpi lasterketa ezagutu zituen Urbasako igoerak, iaz I. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketak aipatu igoera ordezkatu baitzuen. Bi arrazoi nagusi izan ziren proba aldatzeko: batetik, mendizaletasuna sustatu eta hedatzea; eta bestetik, Olatzagutiako herria eta bere inguruak ezagutzera ematea. Izan ere, Urbasako igoera olaztiar eta sakandarrei zuzendua zegoen, eta 2006ko azken edizioan 17 parte hartzaile izan ziren; aldiz, Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa mendi lasterketen zirkuituan sartu eta iazko lehen edizioan Euskal Herritik etorritako 174 korrikalari aritu ziren, arrakasta lortuaz. Euskal Herriko Koparako baliagarriaII. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa irailaren 27an jokatuko da, larunbatean. Sutegi klubak antolatu du, Olaztiko Udalaren eta Euskal Mendizaleen Federazioaren laguntzarekin eta hainbat enpresa eta komertzioren babesarekin. Euskal Herriko Mendi Lasterketa Koparako laugarren eta azken proba puntuagarria izango da Olatzagutiakoa, jokatu diren Azpeitiako IV. Izarraitz, Baigorriko Artzainen lasterraldia eta Zornozako Aramotz mendi lasterketekin batera. 22,93 km-ko ibilbidea da, 2.144 metroko desnibel pilatuarekin, zailtasun ertainekoa. 262 korrikalari 22,93 km egitekoDagoeneko itxia dago izena ematea eta 262 korrikalari ariko dira, horietatik 26 Sakanakoak. Euskal Herri osoko txokoetatik etorritakoak dira korrikalari gehienak, baina baita Asturias, Katalunia eta Madriletik ere. Olatzagutiako kale nagusitik abiatuko dira goizeko 10:00etatik hasita. Lasterketak lehenik Urbasako ipar gailurretako punturik altuena joko du (Tontorraundi-1156 m). Hortik, Altsasuko portu-gainetik (1150 m), Morterutxo izeneko saroiraino jaitsiko da (890 m) eta Sakanako ikuspegi zoragarria duen Zelai handi izeneko parajeraino igoko da berriz (1113 m). Jarraian, Bargagaineko gurutzeraino iritsi eta Altsasuko portu-gainetik berriz ere Morterutxora (890 m) egingo du bideak. Ordekan zehar Urbasako mendate muturreraino (885 m) jarraituko du eta hortik Entzia aldera. Gainsoilera (1068 m) igo eta Ziordiko portu gainetik pasatuz Ordotzeko putzuraino jaitsiko dira korrikalariak. Hortik aurrerakoa beherantz Jakusoro jo arte eta hortik berriz Urbasako portu-gaineraino. Amaitzeko aldapa behera zorrotzeko bide zidorra izanen dute Olatzagutiaraino.Sari potoloakLasterketa bukatzen duten korrikalari guztiei opari poltsa banatuko zaie, eta parte hartzaileen artean Urbasako 10 gazta zozketatuko dira. Probako garaileei dagokienez, lehen gizonezkoak eta emakumezkoak 300 euro, garaikurra eta txapela jasoko dituzte, bigarrenek 150 euro eta garaikurra, hirugarrenek 100 euro eta garaikurra, eta laugarrenek 50 euro. Lehen gizonezko eta emakumezko beteranoek garaikurra jasoko dute. Maila bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuendako sariak izanen dira. Sari banaketa 13:30ean izanen da, helmugan. Iazko Olatzagutia-Urbasa I. mendi lasterketa oso arrakastatsua izan zen. 174 korrikalari aritu ziren eta Uharte Iruñeko Unai Mendiak irabazi zuen proba. 24 sakandar lehiatu ziren, eta azkarrena Ander Unzurrunzaga izan zen, helmugara seigarrena heldu eta lehen beteranoa izan baitzen. Emakumezkoetan Jone Pelaez izan zen lehen beteranoa. Lehen olaztiarraren saria Fermin Gabirondok eskuratu zuen. Ibilbidearen datuakDistantzia: 22.930 metro (2400 metro asfaltoan)Metatutako desnibela: 2.144 metroGutxieneko altuera: 550 metro (Olatzagutia)Gehieneko altuera: 1.156 metro (Tontorraundi)Zailtasuna: ErtainaDenbora muga: 4 orduDenbora kontrolak: 4Edari guneak: 5Janari guneak: 3Osasun laguntza: 3