Historia-eleberriak batuta

Guaixe 2008ko urriaren 7a

Ia bi orduko iraupena izan zuen hizketaldiak eta bildutako guztiek primeran pasa zuten idazleekin. Toti Martinez de Lezeak eta Jose Luis Urrutiak haien liburuei buruzko anekdotak eta historia-eleberriari buruzko kontuak azaldu zizkieten Olatzagutiako liburutegian bildutako publikoari. Galderak ere erantzun zituzten bai Totik, bai Jose Luisek. Bukaeran, gainera, publikoak etxetik eramandako liburuak sinatu zituzten. Olatzagutiako liburutegiak, bestalde, Joanes Leizarragak 1571n argitaratutako Itun Berriaren faksimile bana oparitu zien idazleei. Olatzagutiako liburuzainak, Arantxa Alava Barrenak esan digunez hitzaldiaren aurretik bi egileen liburuak irakurri ziren eta, ondoren ere, Toti eta Jose Luisen liburuen maileguak jarraitu du. Beraz, hitzaldiak bere helburuak bete dituela argitu digu Arantxak, "jendeari irakurtzeko gogoa sortu eta ondoren irakurtzen jarrai dezan sustatu".