Dado eta fitxa artean gaztetxean

Guaixe 2008ko azaroaren 19a

Olatzagutiako Gazte Asanbladak jakinarazi digunez, Maisuenea gaztetxearen II. partxis txapelketa jokatzen ari da. Dozena bat bikote daude lehian sartuta lastailaren zazpiaz geroztik. Ostiralero biltzen dira partidak jokatzera. Liga sistema bidez, denak denen kontra jokatzen ari dira. Lau bikote onenak final erdietarako sailkatuko dira eta ondoren finala etorriko da. Txapeldunak ezagutu ondoren partehartzaile guztiendako afari ederra izanen da. Dado jaurtiketa eta fitxa mugimenduez gain, ostiralean, 23:00etan, Maisuenea gaztetxeak Egurre eta Hesian talde sakandarren kontzertua hartuko du. Azken horrek bere diskoa, Herriaren oihua, aurkeztuko du Olatzagutian.LanakOGAtik azaldu digute duela pare bat aste gaztetxeko bigarren solairuko leihoak aldatzeko lanak egin dituztela. Horretarako dirua ihoteetan pilotalekuan antolatu zuen sagardotegi afaritik atera zuen OGAk. Aurretik behe solairuko leihoak aldatu zituzten. Gauzak horrela, lehen solairuko leiho zaharrak berriekin ordezkatzea faltako zaio Olaztiko Gazte Asanbladari.