Porlandegia Egibilko harrobia lehengoratzen ari da

Guaixe 2008ko azaroaren 19a

Cementos Porland Valderrivas enpresak ohar baten bidez jakitera eman duenez, azaroan Egibilko harrobia lehengoratzen ari da. Iturri beraren arabera errestaurazio lan horiek harrobiaren iparraldean dagoen 13.000 metro karratuko eremu bati eraginen dio. Inguru horretan harrobiaren goiko aldean egindako lur-erauzketatik aterako lurrak pilatu ditu enpresak. Cementos Porland Valderrivasetik azaldu dutenez, "baso-berritzeak harrobiarendako ikus-pantaila sortzeko abantaila handia du, ahal den neurrian harrobi baten existentziak dakarren paisaia-inpaktua murrizten baitu". Enpresak zabaldu duenez, harrobien errestaurazioan aditua den enpresa bat ari da baso-berritzeaz arduratzen. Lehenik eta behin, ereite hidraulikoa egin da. Ondoren bertako zuhaitzak landatuko dira. Horien artean ere bertakoak ez diren baina hazkunde azkarra duten zuhaitzak aldatuko dituzte. Guztiak haztean azken horiekin zer egin erabakiko da. Animaliek baso-berritzea ez hondatzeko inguru guztia itxi dute. Harrobi horretatik milioi bat tona kareharri ateratzen dira Olatzagutiako porlandegirako, urtero. Enpresatik azaldu dutenez, Egibilko harrobia lehengoratzeko 60.000 euro bideratuko ditu.