Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Antzerkigintzak zaletu ugari ditu Olaztin. Agerian utzi zuen hori udalak azaroan antolatutako antzerki tailerraren arrakastak. Ordukoan 15 urte inguruko 16 bat lagun gerturatu ziren antzerkiaren mundura eta esperientzia polita bizi zuten. Gazteak antzerkia sakonago lantzeko gogotsu geratu zirela ikusita, eskaintza berria egin du Olaztiko Udalak. Ilbeltzaren 24an hasi eta apirilaren hasierara arte, larunbatero, 16:00etatik 18:30era, Olaztiko kultur etxean bilduko dira antzerki tailerreko ikasleak. Bi hilabete horietan antzerkia barrutik ezagutzeko aukera paregabea izanen dute Erkuden de Andres altsasuarrarekin. Irakasleak azaldu digunez, ikastaroan "mugimendua abiapuntu hartuta, dantzarekin, objektuekin, inprobisazioarekin... jolas eginen dugu". Tailerra amaituta, apirilaren hasieran emanaldia eskainiko dute Olaztin. Erkuden de Andresek Arte Dramatiko ikasketak egin ditu Nafarroako Antzerki eskolan. Antzerkigintza sakonago murgiltzeko gogoak Madrilera eraman du altsasuarra. Ikasketak Teatro Ganbara eta La Gotera konpainiako antzezle lanekin partekatzen ditu. Hori gutxi ez eta ikastaroak emateko denbora ere ateratzen du. Antzerki tailerraren eskaintza zabalik dago interesa duen ororendako, baita azaroko saioan parte hartu ez zuenarendako ere. Interesatuek 25 € ordaindu beharko ditu Olaztiko Udalaren Nafarroako Kutxako zenbakian eta ordainagiria udaletxera eraman beharko dute. Hilaren 23a dute horretarako azken eguna.