Herri Kirol jaialdi ikusgarria larunbatean Olaztin

Guaixe 2009ko urtarrilaren 23a

Olaztiko Gazte Asanbladak antolatuta, larunbatean, hilak 24, Olaztiko pilotalekuak herri kirol jaialdi bikaina hartuko du 18:30etik aurrera. Sarrera dohainik izango da. Harri jasotze lanetan 12 aldiz Euskal Herriko harri jasotzaile txapelduna izan den Goenatxo ariko da, Mari Jose Sardon harri jasotzailearekin batera. Sardonek 120 kg altxatu ditu, emakume batek gehien altxatu duen pisua. Haien lana ikusgarria izango dela ez dago dudarik. Eta aizkora lanetan, berriz, lau aizkolari ariko dira: Bihurri, Arrospide, Flores eta Nazabal, azkenak sakandarrak. Nazabalek hurrengo egunean, igandean jokatuko du Binakako Urrezko Aizkolariko ligaxka, eta hortaz Olatzagutiako saioa primeran etorriko zaio, entrenatzeko. Puntako ikuskizun honetaz gozatzeko gonbitea luzatu du Olaztiko Gazte Asanbladak.