Gerra garaiko aliatuak

Guaixe 2009ko urtarrilaren 30a

La gotera teatro taldeak guda hotsak ekarriko dizkigu gaur gaueko 22:30ean Olaztiko kultur etxera. Gerra orok ditu biktima errugabeak. Horiek izanen dira protagonistak gaurkoan, biziaren eta heriotzaren artean dagoen bikotea. Eszenatokian haiek baino ez; kaleko bonba hotsak eta komunikabideetan berri txarrak etengabe - egunero egunkari, irrati eta telebistetan entzuten berriak-. Bizipen latz horrek "aliatu" eginen ditu bi pertsonaiak eta direnaren eta izan zitezkeenaren inguruan gogoeta egitera eramanen ditu. Gudako bizipenek argazkiei, musikari eta itxuragabekeriari eginen dio lekua. Azken finean zer itxuragabekeria handiagoa guda baino.Jorge Padinek Balkanetako guduan egindako idatziak daude Aliados antzezlanaren oinarrian. Absurduaren teatroaren eraginez sortutako lana da. Idazlearen doinua errespetatuta, La gotera teatro taldeak bere beharretara moldatu zuen antzezlana. 2005ean mustu zuten lana Logroñon, arrakasta handiarekin: Teatro Noticia Lehiaketan Ikuskizun onena eta Emakumezko antzezle onenaren saria jaso zuen. Taula gainean emandako 3 urteetan sari gehiago lortu dituzte. 2008ko amaieran esku artean hartu dute lana atzera ere. Lana irudi berriekin aberastu eta dinamikoago egin zuten.