Fabako errege edo erregina larunbatean aukeratuko da

Guaixe 2009ko urtarrilaren 30a

Olatzagutia bihar gorte bihurtuko da eta errege edo erregina baten aukeraketa hartuko du, Fabako errege/erregina. Horren guztiaren atzean Iruñeko Muthiko Alaiak peña dago, urtero moduan, Nafarroako erregeen koroatzea biziberrituko duena. Olatzagutiako Udalaren laguntza jaso du peñak.Fabako errege edo erreginaren hautaketa kultur etxean izanen da, bihar 10:30ean. Aurten 11, 12 eta 13 urte egiten dituzten gaztetxo olaztiarren artean zozketa eginen dute eta dozena bat aukeratuko dituzte. Guztiek dagoeneko gonbiteko gutuna jaso dute. Hamabi horiei opil zati bana emanen diete, jan dezaten. Opilean baba opatzen duen gaztetxoa izanen da erregea edo erregina. Haren koroatze ekitaldia, ordea, ez da martxoaren 28ra arte eginen. HistoriaXIII. mendean Nafarroako Teobaldoen errege-dinastiak ezarritako ohitura da Fabako errege/erreginarena. Errege egunean opil batean baba bat ezkutatzen zuten eta jaterakoan hura opatzen zuena errege koroatzen zuten. Gainera, herriaren eta gortearen ohoreak jasotzen zituen. Carlos III.a Noblearen garaian festak ospe handia lortu zuen eta emanaldian erregearen alaba, Nafarroako Blanca, eta haren seme Vianako printzea aipatzen dira. Muthiko Alaiak peñak 1964an biziberritu zuen ohitura eta urtero Nafarroako herri batean ospatzen da. Izan ere, Erdi Aroan ospakizuna erregea edo erregina zeuden tokian ospatzen baitzen.