Jendetza Olaztiko Gazte Asanbladak antolatutako herri kirol jaialdian

Guaixe 2009ko urtarrilaren 28a

Larunbatean Olaztiko pilotalekua bete egin zen Olaztiko Gazte Asanbladak antolatutako herri kirol jaialdiaz gozatzeko. Alde batetik Mari Jose Sardon eta Goenatxo harri jasotzaileak aritu ziren, eta bestetik Bihurri, Arrospide, Flores eta Nazabal aizkolariak. Akaso Sardonek jaso zituen txalo zaparrada gehienak, Olaztiko ikusleek etengabe animatu baitzuten Euskal Herriko pisu gehien jaso duen emakumea. Sardonek eta Goenatxok pisu eta forma ezberdinetako harriak jaso zituzten, bildutakoen gozamenerako.Bestalde, aizkolariek lehenik eta behin zutikako enbor sendoa moztu zuten. Lan horretan Flores eta Nazabal izan ziren azkarrenak. Eta ondoren, txanda librean aritu ziren. Kasu honetan ere sakandarrak gailendu ziren Bihurriren eta Arrospideren aurretik.