Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbat goizean kultur etxean 11 eta 13 urte bitarteko 30 neska-mutil olaztiar urduri-urduri zeuden, Fabako errege edo erreginaren hautaketa hastear zegoen eta. Faba Erregeari buruzko azalpena jaso eta gero, kartak banatu zituzten bertaratutakoen artean. Txota, zaldikoa edo erregeren bat jaso zuten haurrek opilaren banaketan parte hartzeko 12 hautagaien taldea osatu zuten. Kultur Etxetik Udaletxera poz-pozik abiatu ziren, opilaren banaketa pleno aretoan egitekoa zen eta. Olatzagutiako alkateak, Iñaki Mentxakak zatitu zuen opila eta banan-banan banatu 12 hautagaien artean. Azkenean, Beñat Fresnedari egokitu zitzaion zaldikoa, eta horrekin apirilaren 4an Fabako errege izendatzeko ohorea. Data aldaketaHasieran, Fabako erregearen koroatze ekitaldia martxoaren 28an egitekoa zen, baina zenbait ikasle Izaban eskiatzen egonen direnez, ezin izanen dute parte hartu egin beharreko entseguetan. Hori dela eta, astebete atzeratzea erabaki zuten. Hala, tronuan jartzeko ekitaldia apirilaren lauan izanen da, larunbatarekin, eta Olatzagutiako elizan. Beñat Fresneda Perez 11 urteko olaztiar kirolaria, oso pozik azaldu zen larunbatean. "Ez dakit zer den errege izatea, baina istorioa asko gustatu zait. Amets bat da", gaineratu zuen Beñat Fesneda Perezek. KoroatzeaApirilaren lauko ekitaldia ahaztezina izatea nahi dute eta horretarako herritarren parte hartzea deitu dute antolatzaileek. Muthiko Alaiak penak azalpenak ematen duten 700 eskuorri banatu dituzte herrian eta ekitaldia egin aurretik erakusketa eta hitzaldi bat eskainiko dute. "Iaz Izaban herritarrak bertako jantziekin lagundu zuten ekitaldian eta ikusgarri atera zen". Beraz, haurrak ez ezik helduak ere gortea osatu eta koroatze ekitaldia parte hartzeko deia egin dute. Koroatze ekitaldian parte hartuko duten 11 haurrak ondokoak izanen dira: Jessica Albiztur, Jose Manuel Da Silva, Naroa Gurmindo, Irantzu Imaz, Ivan Imaz, Lorena Lopez de Goikoetxea, Aitor Lorea, Erik Mendoza, Mireia Ribero, Asier Vicente eta Maider Vilariño. Hautatze ekitaldiaFabaren erregearen hautaketa ekitaldia hasi aurretik, Sergio Gastamintzak, Olatzagutiako kultur zinegotziak, modu argian azaldu zien Fabako errege edo erreginaren festaren jatorria: "Nafarroako Erreinua estatu independientea zen garaian, herriko mutil bat koroatzeko ohitura zegoen Errege Egunean. 1512an, Gaztelako armadak, Nafarroa konkistatu zuenean bertan behera gelditu zen ohitura hori, XX. mendera arte Iruñeko Mutiko Alaiak peñak berreskuratu zuen arte". Fernando Hualdek—Muthiko Alaiak peñako kidea da eta apirilaren lauan Arma Erregearen papera antzeztuko duenak—azaldu zuenez, 1920. hamarkadan Joaquín Baleztenak berreskuratu zuen ohitura. Orduan, Iruñeko Misericordia etxeko haur txiroen artean egiten zen zozketa. Haurren artean opil bat banatzen zen, eta baba topatzen zuen mutikoa errege izendatzen zuten eta egun batez erregearen tratua jasotzen zuen.Ekitaldiko argazki gehiago argazkien galerian opatuko dituzu.