Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean Iruñean emandako prentsaurrekoan aurkeztu zuten Gazte Nafarrock jaialdiaren 3. edizioa, Lotu independentziara leloa izanen duena. Gazte independista nafarrek azaldu zutenez "independentziaren aldeko indarrak biltzeko dinamika abiatu dugu Euskal Herri luze eta zabalean, bakoitza bere eremutik independentziara lotu dadin". Azaldu zutenez, "norabide horretan Nafarroako eta Euskal Herriko gazteriak zita garrantzitsua du" Gazte Nafarock jaialdian. Jendea animatu zuten "Olaztin martxoaren 14an Nafarroan inoiz ikusitako indar independentista" batuketa lortzeko. Jaialdiaren aurkezpenean azaldu zutenez "Nafarroa ez dago salgai, eta horixe erakutsiko dugu". Ziurtatu zutenez, "badago borrokara lotu den gazte belaunaldia, independentziaren alde egiten duen eta Euskal Estatu Sozialista lortu arte borrokatuko duen gazte belaunaldia". Horretarako "batzera eta antolatzera" deitu zuten. Jaialdiari dagokionez, aurreratu zuten manifestaldi eta ekitaldi politikoarekin batera kontzertuak izanen direla Olatzagutian martxoaren 14an.