Udalak hiru ibilbide prestatu nahi ditu

Guaixe 2009ko otsailaren 18a

Olatzagutiako Udalak, Cederna-Garalurren laguntzaz, udalerrian hiru ibilbide prestatzeko diru-laguntza eskaera egin du eta martxo aldera jasoko du erantzuna. Udalak aurkeztutako egitasmoaren oinarrian oinezkoendako eta mendi bizikletendako bideak prestatzea dago. Baina baita herriko ondare diren iturriak egokitu eta aipatuei balioa ematea ere. Egitasmoak129.890 euroko aurrekontua du. IbilbideakUdalak prestatutako egitasmoaren aurreneko ibilbideak udalerriaren ipar-mendebaldera eramanen lituzke ibiltariak, Itur bedeinkatura edo Batueko iturrira. Bidean Belengo iturritik ere pasako lirateke. Bigarren bide batek dermioaren ipar-ekialdea ezagutzeko aukera emanen lioke bisitariari. Birigarako haitza eta inguruak ezagutzeko aukera emanen luke ibilbidearen lehen zatiak eta, ahuntz-etxea eta ingurua malda handiagoa duen bigarrenak. Ibiltariek Ornako iturria eta Metaliturri bisitatzeko aukera izanen lukete, baita Birigarako zabaleko putzua ere. Azkenik, Udalaren asmoa udalerriaren hegoaldean dagoen eta Urbasa gaineraino daraman portu zaharreko bidea egokitzea litzateke. Olatzagutiako Udalak udalerriko bideen erabilera arautzen eta mugatzen duen ordenantza onartu zuen iaz. Han jasotzen denez, herritarrek nortasun agiriaren zenbakia eta ibilgailuaren matrikula emanda pistetan ibiltzeko udal baimena jaso dezakete. Beti ere, abeltzainak badira edo zizetara badoaz. Horrela, kanpoko autoei bideak itxi nahi dizkie Udalak. Iaz, bestalde, hainbat pista berritu zituen Udalak. ElizaOlatzagutiako Udalak Estatuko funtsaren bidez eliza ingurua urbanizatuko du, baina lan horietatik kanpo gelditu da elizaren iparraldea. Han dagoen pinudia txukundu nahi du Udalak eta, besteak beste, gabeziak dituzten pertsonendako ibilbide bat prestatu, eliza argiztatzea ere aurreikusten du. Asmo horretatik sortu zen gerora ibilbideak prestatzearena. Ibilbideen berri ematen duten panelak eliza inguruan kokatuko lirateke, egitasmoak aurrera egiten badu,.