Auzitegi Nazionalak Steinen omenaldia debekatu zuen

Guaixe 2009ko martxoaren 4a

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok ostiralean zabaldutako ohar baten bidez debekatu egin zuen larunbatean Olatzagutian egitekoa zen omenaldia. Jakina denez, aurtengo otsailaren zortzian 25 urte bete ziren GALek Angel Gurmindo Lizarraga, Stein, eta Vicente Perurena, Peru, hil zituela. Hori zela eta, ekitaldiak antolatuta zeuden. Ismael Moreno epaileak ekitaldiak debekatu zituen eginez gero parte-hartzaileek terrorismoa goratzeko delitua egin zezaketelakoan eta istiluak izan zitezkeelako. Erabakia hartzeko, epailea debekua eskatzen duen Guardia Civilaren txosten batean oinarritu da. Fiskaltzak emandako txostenak ere epailearen erabakia berretsi zuen. Debekuaren berri manifestazioa egiteko baimena eskatu zuen olaztiarrak jaso zuen. LarunbataOstiralean debekuaren berri jaso bezain laster hainbat olaztiar gaia batzarrean aztertzen saiatu ziren, baina Guardia Civila agertu eta isunak jartzeko mehatxua egin omen zuen. Olaztitik jakinarazi digutenez, larunbat goizean Guardia Civilaren 10 bat patrolek eta atxilotuendako bi furgonetek Otsoportillorako bidea moztu zuten, han egitekoa zen ekitaldia eragozteko. Olaztiarrek jakinarazi digutenez, larunbateko 11:00etatik 15:00etara 18 bat patrol eta atxilotuendako bi furgoneta herrian barna ibili ziren. 5 bat patrol Intsumisio plazan mugitu gabe egon omen ziren. Olaztitik azaldu digutenez, "hainbat identifikazio eta probokazio" egin zituzten. Giroa ikusita omenaldiaren antolatzaileek ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuten.