Steinen omenaldiko egunean izandako "okupazioa" salatu du udalak

Guaixe 2009ko martxoaren 16a

Aurtengo otsailaren zortzian 25 urte bete ziren GAL-ek Angel Gurmindo Lizarraga, Stein, eta Vicente Perurena, Peru, hil zituela. Horregatik otsailaren 28rako ekitaldiak antolatu zituzten Olatzagutian. Espainiako Audiantzia Nazionaleko epaile batek ekitaldiak debekatu egin zituen. Debekua betearazteko egun hartan Guardia Civilaren presentzia nabarmena izan zen Olatzagutian. Larunbat eguerdian Olatzagutiako alkateka, NaBai-ko eta ezker abertzaleko zinegotziekin batera, agerraldia egin zuen hainbat herritarrek lagunduta. Bilkura horretan Olatzagutiako Udalak hilaren 11n onartu zuen mozioaren berri eman zen. Mozioak agerraldian zeuden udal taldeen babesa jaso zuen. Alderdi Sozialistako zinegotzia ez zen bilkuran izan. MozioaOlatzagutiako Udalak onartutako idatzian "antolatutako ekitaldien debekuaren kontra" azaldu zen. Horrekin batera, hildakoak "oroitzeko eskubidea" aldarrikatu zuen eta haien senideei elkartasuna adierazi zieten. Aldi berean, "Audientzia Nazionala epaitegi politikoa den heinean, desagertzeko" eskatu zuen Olatzagutiako Udalak. Onartutako mozioaren bidez salatu egin zen otsailaren 28an Guardia Civilak Olatzagutian izan zuen "presentzia eta haren jokaera" eta "gure herrian ez direla ongi onartuak" gogorarazi zieten. Azkenik, martxoaren 28rako deitutako manifestazioan parte hartzera animatu ditu udalak. "Debekurik ez, utzi bakean Olazti" leloa izanen du protestaldiak eta udaletxetik abiatuko da.