Pako harategikoak Nafarroako txistorrik onenak

Guaixe 2009ko martxoaren 18a

Domekan eskuratu zuen harategi olaztiarrak Nafarroako txistorra onenaren saria. Nafarroako Harakinen Gremioak antolatu zuen txapelketaren laugarren edizioan 40 parte-hartzailek eman zuten izena. Haiek lehiaketara aurkeztutako produktua epaimahaiak dastatu eta gero saria Olatzagutiako Pako harategiari ematea erabaki zuten. Pako Aldasoro Sarasua, Mentxu Guajardo Olmedillo eta Patxi Aldasoro Guajardo dira harategian lanean aritzen direnak. Patxik esan digunez, "oso pozik gaude. Dagoeneko sinesten hasi gara gauzak nahiko ongi egiten ditugula". Patxik berak aitortu zigunez, "saltzen duguna aurkezten dugu lehiaketara. Txistorra beti bezain ona, edo hobea, egiten saiatzen gara. Kalitatezko produktua saldu eta jendea bueltatzeko modua da". Patxik esan digunez, sariak nabari dira eta kanpoko jendeak erosi egiten die txistorra. Gainera, telebista kateak etxean izan dituzte eta han eta hemen agertu dira. Sariak Aurretik ere txapelketa hori ere irabazi izan dute, baita bigarren gelditu ere. Horretaz gain, Donostian, Santo Tomas eguneko lehiaketa bitan irabazi dute eta beste bitan bigarren bukatu du. Sakanako txapelketako 3. saria eta Ordiziako lehiaketako 4. saria ere etxean dituzte. Gainera, Bilboko txorizo lehorren txapelketan finalista gelditu izan dira. Lehiaketako epaimahaia 16 pertsonak osatu zuten. Haietako bi sakandarrak ziren: Patxi Goikoetxea, Embutidos Arbizu enpresakoa eta Juan Mari Gomez, Sakanako txistorraren kofradiakoa. Txapeldunez gain, Sakanako beste 10 ekoizlek ere parte hartu zuten lehiaketan.