Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ustez etxeko animalien kontra egindako delituengatik, Foruzaingoak Olatzagutiako 44 urteko emakume bat eta haren adin txikiko semea salatu ditu. Auzia ingurumen eta adingabekoen fiskaltzaren esku gelditu da. Martxo hasieran aurreratu genuenez, Altsasu eta Olatzagutian desagertutako lau txakur hilik agertu ziren. Orduan ere aurreratu genuen beste txakur baten hozkadengatik burua txikitua zutela animaliek. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Foruzaingoak gaiaren berri zuen eta ikerketaren ondoren etorri dira bi olaztiarrendako salaketak. Foruzainek salatutakoen jabetza den 2 urte inguruko pitbull arrazako txakur bat ere atzeman zuten. Animaliak buruan eta lepoan hainbat orbain zituen eta albaitariek ziurtatu ahal izan dute beste animalia batzuek sorrarazi dizkiotela. Bestalde, borroketan ibiltzen diren txakurren moduan, belarriak modu traketsean moztuak zituen txakurrak. Pitbull txakurrak ez zuen inolako identifikaziorik, ezta albaitariren tratamendurik ere. Gobernuak zabaldu duenez, adingabeak esan zuen amak oparitu ziola txakurra eta ez zekiela halakorik egin behar zitzaionik. Hildako txakurrei dagokienez, mikrotxiparen bidez identifikatu zituzten. Haietako bat altsasuar batzuen pointer txakur emea zen. Bestea, euskal artzain txakurra. Hirugarrena mestizoa zen eta hildako laugarren animalia bat ere opatu zuten foruzainek. Guztiak ere beste animalia batek buruan eta lepoan egindako zauriengatik hil ziren. Aurreneko bien desagertzea salatuta zegoen.