Olaztiko antzerki tailerra taula gainean

Guaixe 2009ko apirilaren 3a

Olaztiko Antzerki Tailerrak bere burua aurkeztuko du gaur, bere jaiolekuan, Olaztiko kultur etxean, 22:30ean. Amor(es) antzezlana eskainiko dute, maitasuna eta denboraren inguruko hausnarketa. Bertan, bat eginen dute antzerkiak, musikak eta dantzak. Ilbeltzaren amaieran sortu zen Olaztiko Antzerki Tailerra. Aurretik, taldea osatzen duten gaztetxoek antzerkia mustutzeko aukera izan zuten iazko azaroan, antzerki tailer laburrean. Esperientzia arrakastatsua izan zela ikusita, tailer berria antolatu zuen Olaztiko Udalak. Bertan bildu dira larunbatero herriko 14 gazte, ilbeltzaren amaieraz geroztik. 12-15 urteko gazteek, neskak denak ere, antzerkia barrutik ezagutzeko aukera izan dute Erkuden de Andresekin. Antzerki konbentzionala gainditu nahi izan du Erkuden de Andresek: "Gazteei Amodio eta Denbora hitzak proposatu nizkien. Haien inguruan bururatu zitzaizkien testu, ideia eta inprobisazioetatik sortu da Amor(es) antzezlana". Gazteek ikertu eta sortzea nahi izan du Erkudenek.  Bi hilabete horien fruitua da gaur Olaztiko kultur etxean ikusi ahal izanen dugun antzezlana. Hemendik aurrera ere antzerkian sakontzeko prest agertu dira taldeko gazteak, "Holiwood-era arte!" adierazi du lanaren aurkezpenean, taldekide batek bere lagunen irrien artean. Haien lana "Sakana osora eramateko prest" daudela adierazi dute.Antzezleak: Ainhoa Alonso, Ainhoa Markinez, Amaia Arteaga, Anne Rodríguez, Igone Imaz, Itsaso Baztarrika, Joana Perez, Leire Ayestaran, Leire Zabalo, Lide Agirre, Nahia Galbete, Nahikari Gonzalez, Nerea Martínez eta Oihane Díaz de Durana.Zuzendaria: Erkuden de AndresArgiak: Dudu