Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kontentu daude Ziordi Sport Rally taldekoak larunbatean Olaztiko Erburua kiroldegian antolatutako Sakanako I. Bideo Game Rally txapelketak izandako arrakastarekin. Izan ere, egun guztian barna giro beroa izan zen, eta bertara bildutako haur eta helduek primeran pasatzeko aukera izan zuten. "Hurrengo egunean oso ideia ona izan genuela errepikatu zigun jendeak, asko gustatu zitzaiela" dio Ziordi Sport taldeko Iban Lopez de Goikoetxeak. Gainera, ez zen inolako arazo teknologikorik izan eta horregatik guztiagatik oso balorazio positiboa egin du taldeak, baina ekimenak jarraipena izanen duen ez du erabaki. Egun guztiko programa prestatu zuten: haur eta txikiendako puzgarriak eta ludoteka antzekoa, mota guztietako jolasekin - jolas tradizionalak eta bideo jolasak - , horretarako propio jarritako 10 pantailetan. Bien bitartean nahi zutenek I. Bideo Game Rally Txapelketan eman zuten izena, eta horretarako propio jarritako 12 pantailatan aritu ziren: goizean entrenamendua egin zuten eta arratsaldean txapelketa. Guztien artean onena Eneritz Vesga olaztiarra izan zen. Baina akaso scalextric txapelketarekin gehiago "pikatu" zen jendea. Handia zen scalextric-a, 5x3 metrokoa, 12-15 metroko pistekin, eta 4 urtetik hasita 40 urtera bitarteko jendea aritu zen lehian, 32 lagun. Umeen mailan Ander Amezgarai olaztiarra nagusitu zen, eta helduen mailan atzera ere Eneritz Vesga. Gainera aipatzekoa da bi txapelketetan, bideo rallyan eta scalextric-ean, Pablo Goya irurtzundarra izan zela txapeldunordea. Irabazleek Itaroako karting indoorrean aritzeko txanda pare bateko bonoa eskuratu zuten. Pantaila eta jolasen zerbitzua Jokulandiak jarri zuen eta scalextric-a, berriz, Iñigo Lapuente ziordiarrarena zen. Biak gogoz eskertu ditu Ziordi Sportek. Horretaz gain, Ziordi Sport taldeari buruzko bideo emanaldiak eta argazki erakusketak ikusteko aukera izan zen topaketa berezi horretan, eta Erburuako parkingean Ziordi Sporteko Suzuki Swift autoa, asistentzia ibilgailuak, taldearen karpak eta beste muntatu zituzten, erakusketa antzekoa eginez.