Domeka lore eta landare artean

Guaixe 2009ko apirilaren 22a

Geranioak, hortentsiak, petuniak, lirioak, arrosak, aromadun landareak, kaktusak, landare exotikoak edota tomate, tipula eta porru landareak... Horiek guztiak eta gehiago ikusi eta erosteko aukera izan zen domekan Olatzagutiako plazan. Goiz eta eguerdi partean Nafarroako eta Gipuzkoako hamar saltzailek haien landareak salgai jarri zituzten. Landare eta loreekin batera, Strapalucio txarangaren doinuak entzun ziren domekan Olatzagutian. Kalejira emateaz gain, eguerdian kontzertua eman zuen plazan. Tarteka euria egin bazuen ere, jendearen joan etorria etengabea izan zen. Saltzaileek pozik bukatu zuten lanaldia. Olatzagutiako Udala ere kontentu zegoen landare eta lore azokaren aurreneko edizioak izandako arrakastarekin, eta esperientzia errepikatzeko asmoa azaldu zuen.