Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko abesbatzak Olaztirako bidea hartuko du bihar, larunbatean. Kontzertu gogor bezain ederra eskainiko du bertako kultur etxean, arratsaldeko 19:30ean. Obra sakroek emanen diote hasiera kontzertuari: Mendelssohn-en Jauchzet dem Herrn, Aita Donostia-ren O Jesu mi dulcissime, Brahms-en Im Herbst eta Whitacre-ren Lux aurumque obrekin etengabe bidaiatuko dute Etxarri Aranazko kantariek, erromantizismotik gaur egunera arteko estilo ezberdinak eskainiz. Erabateko saltoa emanda, Finlandiako E. Rautavaara-ren Suite Lorca etorriko da horien atzetik, soinu-efektuz eta kontrastez beteriko obra garaikide ikusgarria. Euskal musikari egindako tartean, Mocoroaren Sorgin dantza izanen da lehen obra, ahots zuriendako obra zirraragarria. J. Bustoren Ametsetan, Tomás Garbizuren Akerra ken, J. Bustoren Axuri beltza eta A. Donostiaren Hiru txito etorriko dira atzetik. Erritmo bizi eta une lasaiek, akorde klasiko eta disonanteek eta melodia gogor nahiz goxoenek bat eginen dute obra horietan. A. Donostiaren Venerabilis barba obra umoretsuarekin agurtuko du Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertua. Datorren astean, maiatzaren 3an, kontzertu bera eskainiko du Sakanako abesbatzak bere etxean, Etxarri Aranatzen. Maiatzaren 16an, berriz, Barakaldora eramanen ditu bere doinuak.