Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jesus Cesar Silva Mendez galiziarra gaur arratsaldean Olatzagutian izanen da, 19:30ean hitzaldia emanen baitu kultur etxean. Hainbat ikasketa eginak, Aita Silvak 1956an La Ciudad de Los Muchachos erakundea sortu zuen, gazte behartsuei hezkuntza, izpiritu eta material laguntza emateko. 1964. urtean Bemposta Nacion de Muchachos eta Escuela Internacional de Circo erakundeak sortu zituen. Bi horien batzetik sortuko zen 1966. urtean El Circo de los Muchachos, nazioartean hainbat bira egin dituena. Bempostako sailean hezkuntza arautuko hainbat ikasketekin batera, erakundeak berak sortutako beste ikasketa batzuk ere ematen dira. Galizakoaz gain, gaur egun horren moduko zentroak Belgikan, Venezuelan, Kolonbian (2), Santo Domingon eta Ginea Ekuatorialen daude. Horien jardunaren berri emanen du gaurkoan Olatzagutian Jesus Cesar Silva Mendezek, bereziki Venezuelan haur eta gazteekin egiten duten lanaz.