Indarrean da bideen erabilera eta eroritako arbolen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza

Guaixe 2009ko apirilaren 27a

Olatzagutiako Udalak behin betiko onartu du herriko auzo-bideen eta mendiko pista zein bideen erabilera, eta eroritako arbolen aprobetxamedua arautzen dituen ordenantza. Herriko bideak gero eta gehiago erabiltzen direla ikusita haien erabilera arautu nahi izan du udalak. Beti ere, helburu jakin batekin: herriko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.Ordenantzak bideen 101.175 metro linealak arautzen ditu eta, besteak beste, jaso du herritarrek nortasun agiriaren zenbakia eta ibilgailuaren matrikula emanda pistetan ibiltzeko udal baimena jaso dezakete. Beti ere, abeltzainak badira edo zizetara badoaz. Horrela, kanpoko autoei bideak itxi nahi dizkie Udalak. Olaztiko bideetan barna ibiltzeko abiadura muga ere 25 km ordukoa jaso da. ZuhaitzakOrdenantza berean arrazoi naturalak direla-eta denboraren poderioz erortzen diren arbolen erabilera zuzena ere arautu da. Araudiak jaso duenez, Udalak markatuko ditu herri-lurretako arbolak, edozein arrazoi dela-eta urte barrenean lurrera erortzen badira, eta udalak etxeko egurrarekin egiten duen enkanterako izanen dira; beraz, egiten den enkantearen prozeduratik kanpora ezin izanen zaizkio inolako bizilagun partikularri erreserbatu, ezta haien aprobetxamendua inori esleitu ere. Horren ondorioz, partikularrek ezin izanen dute herri-lurretako egurraz baliatu, Udalak horretarako markaturiko datatik kanpora.