I. Erburua Padel txapelketa Olaztin

Guaixe 2009ko maiatzaren 7a

Olaztiko Udalak, Olaztiko Erburua kiroldegiaren gestioa daraman Hidragestion enpresarekin batera I. Erburua Padel Txapelketa antolatu du Olatzagutian, padela bultzatzeko helburuarekin. Izan ere, Olaztiko Udalak abenduan padel kantxa egin zuen Erburua kiroldegian, eta Sakanan dagoen pista bakarra da. Ordutik bertan aritzen dira Ziordia eta Olatzagutiako gazteak. I. Erburua Padel txapelketa sakandar guztiei zuzendua dago eta Erburuako padel pistan jokatuko da. Izena ematea zabalik dago, maiatzaren 23ra arte, Olaztiko kiroldegian (948 564 512 telefonoan, polideportivo.erburua@gmail.com), eta bikote bakoitzak 20 euroko kuota ordaindu beharko du. Txapelketa maiatzaren 30ean hasiko da eta uztailaren 25ean jokatuko dira finalak, Olaztiko Santa Ana festekin batera. izena ematen duten bikoteen araberakoa izanen da lehiaketa modalitatea, baina binakako partidak izanen dira eta jokoan dauden hiru setetan onenak eginen du aurrera. Bestalde, uztailaren 23an Zirkuitu Profesionaleko jokalariek padel erakustaldia eginen dute, partida bat jolastuz. PadelaPadela tenisaren bariante bat da, eta bikoteka jokatzen da. Tenisa baino pista txikiagoa da padelarena, eta gainera hesiz inguratua dago. Lurrean ez ezik, hormetan ere egin dezake botea pilotak, eta horrexek ematen dio aparteko bizitasuna padelari. Padela tenisekoa baino txikiagoa den pala batekin jokatzen da. Pala konpaktua da, ez sokaduna, eta zulotxoak ditu pilota jotzen duen zatian. Puntuazioa tenisaren oso antzekoa da, eta 3 edo 5 setera jokatzen dira partidak.