Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatzagutiako Udalak, NaBairen aldeko bozekin eta zinegotzi independentisten eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin, aurtengo aurrekontua onartu zuen. Ia 2,5 milioi euroko aurrekontua duen udalaren inbertsio nabarmenenak basoarekin lotura duten jardueretara bideratutakoak izanen dira. Guztira 326.000 euro dira. Horietatik 130.000 iturrien ibilbideak egitera bideratuko lirateke, baldin eta eskatutako diru-laguntza jasotzen badu udalak. Baso lanek laguntza badute eta horretara udalak 120.000 euro bideratuko ditu. Diru sail hori abeltzaintzarako azpiegituretara bideratutako 76.000 eurorekin osatzen da. Bestalde, Olatzagutiako Udalak 27.000 euro bideratuko ditu zaindari bat kontratatzeko. Bere egitekoa bideen erabileraren ordenantza egoki betetzen dela ziurtatzea eta bestelako baso lanak egitea izanen da.Udalak aurreikusitako diru sailen artean Domingo Bados eskola publikoan hobekuntza lanak egiteko 35.000 euro aurreikusten dira. Handik gertu dagoen Sutegi eraikineko teiladura berritzeko, berriz, 30.000 euro izanen ditu udalak (diru-laguntza eskatuta dago). Bestalde, azken eraikin hori eta jubilatuen elkartea eta ikastola hartzen duen eraikina margotzera 20.000 euro bideratuko dira. Bestalde, hiri altzariak eskuratzera, aldiz, 40.000 euro bideratuko ditu Olatzagutiako Udalak. Ordenagailuekin zerikusia duten 3 jarduera nabarmentzen dira udal aurrekontuan. Batetik, liburutegiko fondoaren informatizazioa (25.000 euro) eta udalaren web orriaren sorrerarako bideratutako diru-saila (3.500 euro). Horrekin lotuta, udal pilotalekura sartzeko sistema informatikoa jarriko du eta han sartzeko herritar txartela erabili beharko da. Bestelako diru sailakKultur jarduerak 40.000 euroHerri festak 100.000 euroMusika eskolako patronatua 35.000 euroIngurumen kanpainak 15.000 euroKirol jarduerak 12.000 euroIzendapen proposamena Ludotekako monitore eta kultur koordinatzaile izateko lanpostu bat betetzeko hautapen prozesua bukatuta, epaimahaiak Virginia Alonso Aparicioren aldeko izendapen proposamena igorri dio alkatetzari, bera izan baita oposizioko proba guztiak gainditu dituen izangai bakarra.