"Giro ederra" Maisuenearen urteurreneko lehen ospakizunetan

Guaixe 2009ko maiatzaren 11

14 urte bete dituen Olatzagutiako Gaztetxearen urteurren ospakizunak aurreko ostiralean hasi ziren eta larunbatean segida izan zuten. Olatzagutiako Gazte Asanbladako (OGA) kideek jakitera eman digutenez, "giro ederra" izan zen asteburuan zehar. Palestinari buruzko hitzaldi batekin hasi zen OGAk prestatutako egitaraua eta 50 bat pertsona bildu ziren. Ondoren dohainik afaltzeko aukera izan zuten. Larunbat goiz eta arratsaldean adin guztietako 40 bat haurrek ederki pasa zuten haiendako jolas eta japoniar bonbekin. Bazkaltzera ehun bat pertsona bildu ziren eta Cigarrilla txaranga lagunduta, arratsaldean, herrian barna poteoan ibili ziren. Iluntzearekin batera zezensuzkoa atera zen haur eta helduen gozamenerako. Kontzertuek olaztiarrak eta hainbat sakandar erakarri zituzten. OGAko kideek esker ona adierazi nahi izan diete olaztiarrei eta sakandarrei, "Maisueneatik antolatutako ekitaldietan gero eta gehiago parte hartzen dutelako". Gaztetxeak herriari "bizitza handia" ematen diola ere nabarmendu dute. Azkenik, OGAtik gogora ekarri dute ostiralean, 22:00etan, bideo-kafe-tertulia antolatu dute.