Ludoteka, kulturen arteko topaleku

Guaixe 2009ko maiatzaren 22a

Akelarre ludotekan haurrendako eskaintza berezia izanen da hurrengo bi asteazkenetan. Haurrendako eta haien familiendako, zehatz-mehatz. Hurrengo bi asteazkenetan, Olatzagutiako Akelarre ludotekan bi kulturaren arteko zubien oinarriak jarri nahi dituzte. Hala azaldu zuten topaketaren aurkezpenean Edurne Lopez de Goikoetxea ludotekariak, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Arantxa Sueskunek eta Ruben Gallegok eta Sakanako Mankomunitateko Immigrazio zerbitzuko Begoña Zestauk. Beraiek esan zutenez, "haur eta helduen arteko elkar ezagutza bultzatu nahi dugu topaketa hauen bidez". Zehaztu zutenez, "saioak dinamizatzen olaztiarrak eta olaztiar berriak izanen dira.  Esaterako, henna tailerra Marokotik etorritako olaztiar heldu batek emanen du. Beste batek beste zerbait dinamizatuko du". Edurne Lopez de Goikoetxeak azaldu zuenez, "ludoteka euskaraz denez, haur etorkinendako saio propio bat dugu hemen bertan. Baina ez genuen nahi bereizketa hori mantentzea". Begoña Zestauk zehaztu duenez, "bi komunitateak gertuago sentitu eta elkar ezagutzeko espazio bat sortu nahi izan dugu eta horren emaitza da topaketa".Izen emateaAkelarre Ludotekaren eta Immigrazio zerbitzuak elkarrekin aurrera eramanen duten lehenengo esperientzia da. Eta momentuz pozik daude gaur (ostirala) izena emateko epea itxiko bada ere, dagoeneko 50 haurrek eman dute izena. Oraindik ere, badago izena emateko aukera. Horretarako ludotekara bertara (948 564 068) edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegora (948 467 662) hots egin behar da. Azkenik, Begoña Zestau immigrazio teknikariak azaldu duenez, "beste herriren batean halako premia ikusiz gero han egitea aztertu daiteke".EgitarauaMaiatzaren 27an haur eta helduek henna, euskal dantza eta eskulan tailerrekin gozatzeko aukera izanen dute. Gainera, oinarrizko esaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz nola esaten diren jakiteko hiztegitxoa osatuko da denen artean. Ekainaren 3an, berriz, bildutako guztiek munduko jolasekin dibertitzeko aukera izanen dute. Kultur arteko topaketei bukaera egokia emateko, hango eta hemengo jakiekin prestatutako merienda izanen da denendako. Bi saioak 16:00etatik 18:00etara dira.