Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olaztiko Maisuenea gaztetxeak II. Maisutekno Jaialdia hartuko du bihar. Iazko arrakasta itzelaren ondoren, jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute olaztiarrek. Bihar, 19:00etatik aurrera, gogoko duten musikaz gozatzeko aukera paregabea izanen dute Sakanako teknozaleek. Jaialdi honekin emanen diote amaiera Gaztetxearen 14. urtemugaren ospakizunei.Hasteko, action paintingHasiera lasaia emanen diote jaialdiari. DJ Aiert-en musikak sentiarazten diona, 2,5 x 0,80 metroko oihalera eramanen du Helena Santanok. "Musika suabea izanen da, edonork entzuteko modua" azaldu digu Aritz Barandiaranek. Action painting-aren ondoren, jaialdiarekin bat egin duten 8 DJ-en unea iritsiko da. 8 DJGazte Asanbladako ordezkariak duela hilabete bildu ziren iaz jaialdian parte hartu zuten DJ-ekin. "Iazko jaialdiaren balorazio bikaina egin zuten denek eta aurten ere jaialdian parte hartzeko gogotsu zeuden" esan zigun Aritzek. Horrela, atzera ere Maisuenea gaztetxean izanen ditugu Sakanako 8 DJ: Uharte Arakildik DJ Betelu eta DJ Beregaña izanen dira, Etxarri Aranaztik DJ Aiert, eta Altsasutik DJ Iurgi, DJ Ana Bea, DJ Santiño, DJ Sevi eta DJ Anaklet. Bigarren urtez jarraian, Sakanako musikarien nahasketekin gozatzeko aukera izanen dugu, Sakanatik atera gabe. Musika aniztasuna aldarrikatzenSakanako gaztetxe eta tabernetan ohikoak dira rock kontzertuak. Bada, Maisuenea gaztetxeko kideek bestelako musika zaletasunak badirela jabetu ziren, tekno edo musika elektro zaleak esaterako. Bailaran musika hori praktikan jarri edo entzuteko aukera gutxi zeudela ikusita, gaztetxean Tekno jaialdia antolatzea erabaki zuten. "Gaztetxean denondako lekua dago!" aldarrikatzen dute. Iazko esperientziaren arrakasta ikusita, jaialdiaren edizio berria antolatu dute biharko. Sakandarrak ez ezik, Agurain nahiz Elizondoko gazte asko jaialdia iristeko irrikan daudela esan digute antolatzaileek. "Jende asko etortzen bada, agian datorren urtean bi egunetara luzatuko dugu jaialdia" esan digu Aritzek.