300 euro Olaztiko festen kartelarendako

Guaixe 2009ko ekainaren 9a

Olaztiko Udalak herriko festak iragarriko dituen kartela hautatzeko lehiaketa iragarri berri du. Kartela Olaztiko jaiekin lotuta egonen da eta honako testua izanen du: "Olaztiko Santa Ana. 2009ko uztailaren 24tik 28ra". Lanak A-3 formatuan aurkeztu behar dira, bakoitzak nahi duen materialean. Lanari gutun-azal bat itsatsiko zaio atzeko aldean, honako datuekin: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa. Lanak Olaztiko udaletxean aurkeztu behar dira, ekainaren 30eko 14:00ak baino lehen. 3 maila bereizi ditu Olaztiko Udalak: 11 urte bitartekoena, 12-14 urtekoena eta 15 urtetik gorakoena. Kategoria bakoitzeko sari bana emanen da: gaztetxoenen mailan 50 eurokoa izanen da saria, 12-14 urtekoetan, 100 eurokoa eta 15 urtetik gorakoetan 150 eurokoa. Jai eta Gazte Batzordeetakoek osatuko dute epaimahaia. Haiek egoki baderitzote, saria eman gabe gera daiteke. Saritu gabeko lanak udaletxean berreskuratu ahal izanen dira, lehiaketa bukatu eta hilabeteko epean. Saritutako lanak, berriz, udalaren jabetza izatera pasako dira eta horien erreprodukzioak egiteko eskubidea izanen du.