Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Pintura Lehiaketak Olaztiri pasa dio lekukoa. Olaztiko Udalak garagarrilaren 21ean, domeka goizean, jarri du hitzordua. Pintura Azkarreko Lehiaketaren bigarren edizioan, ate handiak eta balkoiak izanen dira protagonista. Hiru maila Nahi duen orok parte har dezake pintura lehiaketan, eta hiru maila izango dira: haurrak (11 urte bitartekoak), gazteak (12 urtetik 15 urtera arte), eta helduak (16 urtetik gorakoak). Teknika librea izanen da, baina gaitzat Olazti eta herri ingurua hartuta. Lehiaketa hasi baino lehen, antolatzaileek balizez seinaleztatuko dute eremua, eta margolariek herri barruko zirkuitu horretan lan egin beharko dute. Margolariek lehiaketaren egunean aurkeztu beharko dute Olaztiko kultur etxean, 8:00etatik 9:00etara, zigilua jartzeko. Margolari bakoitzak euskarri bakarra aurkeztu ahal izango du eta, zigilua jarrita, mugatutako zirkuituaren barruko edozein txokotan hasi ahal izango da lanean. Haurren mailan, antolatzaileek euskarriak kultur etxean, 9:00etatik 10:00etara,banatuko dizkiete. Gazte eta helduek izena emateko azken eguna garagarrilaren 21a dute, goizeko 9:00etan, Olaztiko udaletxean. Hala ere, antolakuntzan laguntze aldera, aurretik izena emateko eskaera egin dute. Haurrak apuntatzeko epea jadanik itxia dago. SariakParte hartzaileek kultur etxera eraman behar dituzte haien lanak, 17:30etik 18:30era. Kultur etxean bertan emanen du bere erabakia epaimahaiak, 19:00ak aldera. Sari hauek banatuko dituzte: haurren mailan, arte plastikoetako materiala jasoko dute 3 lan onenek; gazteen mailan, 150 euroko balea jasoko du irabazleak; azkenik, helduen mailan, 450 euro jasoko ditu irabazleak eta 200 euro bigarrenak. Herriko lehenengoarendako 150 euroko saria izanen da. Saritutako lanak Olaztiko Udalarenak izanen dira, baita lan horien gaineko eskubideak ere. Lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai egonen dira kultur etxean, 20:30era arte.