Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo afizionatuen mailako Euskadik txapelketa jokatu zen Ataunen; 130 kilometroko lasterketa. Proba Lazkaomendi igoeran erabaki zen, helmugarako 7 kilometroren faltan. Xabier Zabalo olaztiarra (Naturgas Energia), Angel Vazquez (Azysa) eta Ugaitz Artola (Bidelan) geratu ziren buruan, Lazkaomendin gora sekulako ahalegina eginez. Artolak erasoa jo zuen baina ez zuen fruitua izan, ahituta geratu baitzen. Zabalo eta Vazquez batera heldu ziren helmugara eta olaztiarra izan zen azkarrena sprintean, duela gutxi Natxituan irabazi eta gero sasoi betean dagoela erakutsiz. Proba irabazteaz gain, 23 urtez azpiko Euskadiko Txapeldunaren titulua lortu zuen olaztiarrak; eta bigarrenak, Vazquezek, elite mailako Euskadiko Txapelduna izatea lortu zuen. Rural Kutxako Julen Gonzalez bosgarrena izan zen, 47 segundora; Mikel Filgueira zortzigarrena, 1:38ra; eta Adrian Saez de Arregi hamargarrena, 1:55era. Iaz Rural Kutxa talde sakandarrean aritu zen Xabier Zabalo, eta txirrindularitzan aritu baino lehen irristalari bikaina izan zen. Aurten Arabako Naturgas Energia taldean dabil eta palmaresa mustu du, bi garaipenekin.