Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udako lehen eguna izan arren, ipar haize freskoarekin itzarri zen ekainaren 21a. Hala ere, margo, pintzel eta mihiseak hartuta, kalera atera ziren 12 lagun Olaztin, Pintura Azkarreko Lehiaketan parte hartzeko prest. Olaztikoak bertakoak ziren gehienak, baina baziren Altsasu, Gasteiz eta Logroñotik etorritakoak ere. 6 lagun lehiatu ziren helduen mailan, bakarra gazteenean eta 5 haurren mailan. Iaz ez bezala, egun osoa izan zuten margotzeko. "Lehen edizioko parte hartzaileek goiza motz geratzen zela esan ziguten. Horregatik arratsaldera arte luzatu dugu aurten" esan zigun udaleko kultura zinegotzi Sergio Gastaminzak. Lehen bi ediziotan gaia zehaztu du udalak, baina, parte hartzaileen eskaria jarraiki, datorren urtetik aurrera librea izanen da. "Horrela ez dugu artisten sormena mugatuko" azaldu zuen Sergiok. Sariak17:30erako kultur etxerako bidea hartu zuten margolariek, egindako lanak aurkezteko. Epaimahaia osatzen zuten Miren Ustarroz, Ana Pellicer eta Sergio Gastaminza lanean sartu ziren orduan. Honako lanak saritu zituen: Adela Sanchez altsasuarrak irabazi zuen lehen saria (450 euro), Vicente Valles-i accesit-a eman zioten (200 euro) eta Marta Otsoaerrarte izan zen lehen herritarra (150 euro). Gazteen mailan, Cristina Pinto izan zen irabazlea (150 euro kirol edo argazki materialean). Azkenik, txikien kategorian, Ander Gil izan zen onena, Maren Arrizabalaga eta Amaiur Marquez-en aurretik. Saritutako lanak kultur etxean eskegi zituzten iluntzera arte. Herritarren erakusketa Egun osoan zehar ohi baino bisita gehiago izan zituen kultur etxeak. Izan ere, kurtsoan zehar pintura eta argazkilaritza ikastaroa egin duten herritarrek jendaurrean jarri zituzten egindako lanak. Argazkilaritza ikastaroko ikasleek egindako lanekin ikus-entzuneko montaje bat ere ikusgai egon zen. "Oso harrera ona izan du" esan digu Sergiok. Argazki onenak sari sinbolikoa jaso zuen: argazkiendako tripodea. Festetako kartelak aurkezteko epea amaitzearHilabete eskas falta da Olaztiko festetarako. Haiek iragarriko dituen kartel lehiaketa antolatu zuen Olatzagutiako Udalak. 3 kategoria bereizi ditu udalak eta, denera, 300 euro banatuko ditu. Datorren astean, ekainaren 30ean, 14:00etan amaituko da kartelak aurkezteko epea. Lehiaketaren oinarriak Olatzagutiako udaletxean eskura daitezke.