Udan euskaraz, primeran

Guaixe 2009ko uztailaren 2a

Olatzagutiako Udalak antolatutako Udan Euskaraz kanpaina garagarrilaren 24an abiatu zen. Ordutik, astelehenetik ostiralera bitarteko goizak beteak daude 80 haur olaztiarrendako. 5 eta 12 urte arte dituzte programa horretan parte hartzen ari diren haurrak eta adinaren arabera 4 taldetan banatu dituzte. Guztiaren ardura 8 begiraleren bizkar dago. Akelarre ludoteka goizero bilgunea bada ere, igerilekuan eta herrian barna ere ibiltzen dira Udan Euskarazkoak. Gainera, programak irauten duen aste bakoitzean gai jakin baten inguruan arituko dira. Hala, aste honetan euskal mitologia landu dute. Ondoren sukaldaritza eta birziklapena etorriko dira. Ostiraletan, hori bai, 80 parte-hartzaileak biltzen dituzten jokoak antolatzen dituzte.