Uharte-Beriain km bertikalean eta III. Olatzagutia-Urbasan izen-ematea zabalik

Guaixe 2009ko irailaren 10a

Irailean bi mendi lasterketa ikusgarri izango ditugu Sakanan. Alde batetik, irailaren 20an, igandean, goizeko 10:00etan hasita I. Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikala antolatu du Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteko mendi batzordeak. Uharteko plazatik abiatuta korrikalariak, banaka aterata, Beriain gainera jo beharko dute (1.494 m). Pilatutako desnibela 1.200 metrokoa da, eta osatu beharreko distantzia 4.750 metrokoa. Lasterketa I. Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuiturako eta Nafarroako Mendi Lasterketen I. Koparako baliagarria da. Aipatu lasterketan izena emateko www.uhartearakil-beriain.com webgunera jo behar da, edo 600 052 246 telefonora deitu. Bestalde, irailaren 26an III. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa antolatu du Olaztiko Sutegi Taldeak. Goizeko 10:00etan Olaztiko kale nagusitik abiatuta, Urbasako txoko eta tontorrak zeharkatuko ditu probak, atzera ere Olaztin despeditzeko. 23,2 km-ko distantzia osatu beharko dute korrikalariek maila ertaina duen proban. Lasterketa Euskal Koparako eta Nafarroako Mendi Lasterketen I. Koparako baliagarria izango da. Izen-ematea zabalik dago www.olatzagutia-urbasa.net webgunean.