Kultur astea Olaztiko sanmigelen iragarle

Guaixe 2009ko irailaren 18a

San Migel festen bezperan dago Olatzagutia. Herria girotzeko helburuarekin, Kultur Astea antolatu du udalak. Eskaintza zabal eta anitza izanen dute herritarrek. Antzerki, magia, musika, dokumental nahiz argazki erakusketa, gaurtik ostegunera arte, adin guztietarako kultur eskaintza zabala dute Olatzagutian. Gorka Aginagalderen El txou de Patxi ikuskizunak emanen dio hasiera kultur asteari. Telebistako aktore ezagunak barre algara galantak eragingo ditu euskal herritar peto-petoaren paperean. Gaur gaueko 22:30ean hasiko da gazte eta helduendako saioa, Olaztiko kultur etxean.Magiaren txanda izanen da bihar. 18:00etatik aurrera, Jon Zabal magoak aho zabalik utziko ditu San Migel plazara hurbiltzen diren haur eta helduak. Magia eta umorea lantzen ditu ikuskizun atsegin eta dibertigarrian. Igandean, irudimena lantzeko parada eskainiko du kultur asteak. 17:00etatik 19:00etara, sormen tailerra izanen da Sarasate plazan. Turutak, amesgaizto harrapatzaileak, kometak, lepokoak eta tatuajeak egiteko aukera izanen dute bertaratzen direnek. Eguraldiak laguntzen ez badu, azken bi ekitaldiak pilotalekuan izanen dira.  Musikak irekiko du aste berria: irailaren 21ean, astelehenean, 20:00etan, klarinetearen doinu goxoak beteko du herriko kultur etxean. Marixi Sesma, Jose Luis Berredo, Mikel Emezabal eta Jasone Etxebeste lakuntzarrak kontzertu entretenigarria eskainiko dute.Mendiari ere lekua egin diote Olaztiko Kultur Astean. Hilaren 22an, asteartean, 20:00etan, Adolfo Madinabeitiaren Amin Brakk, RutaNamkor dokumentala ikusteko parada izanen da, kultur etxean. Areto berak, gazte eta helduendako film laburrak hartuko ditu irailaren 23an, asteazkenean, 22:30ean. Kultur astea agurtzeko, Estibaliz Diazen Relatos Verticales argazki erakusketa mustuko dute irailaren 24an, ostegunean, 20:00etan. Hilaren 27ra arte, hura ikusteko aukera izanen da herriko kultur etxean. Egitaraua: El txou de Patxi. Irailaren 18an, ostiralean, 22:30ean, kultur etxean. Jon Zabal magoa. Irailaren 19an, larunbatean, 18:00etan, San Migel plazan. Sormen tailerra. Irailaren 20an, igandean, 17:00etatik 19:00etara, Sarasate plazan. Klarinete laukotea. Irailaren 21ean, astelehenean, 20:00etan, kultur etxean. Amin Brakk RutaNamkor dokumentala. Irailaren 22an, asteartean, 20:00etan, kultur etxean. Film laburrak. Irailaren 23an, asteazkenean, 22:30ean, kultur etxean. Relatos verticales Estibaliz Diazen argazki erakusketaren mustutzea. Irailaren 24an, ostegunean, 20:00etan, kultur etxean.