Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatzagutiako Udalak onartutakoaren arabera Cementos Portland Valderrivas-ek egindako mota guztietako eskaerak, baita bilera eskaerak ere, idatziz egin beharko ditu eta udal bulegoan sarrera eman beharko die. Porlandegiak hala egiten ez badu udalarendako ez da ofiziala izanen. Horrekin batera, Olatzagutiako Udalak erabaki du porlandegiak udalean sartzen dituen agiri guztien berri "ahal bezain azkar zinegotziei, udal teknikariei, herri plataformei eta haien teknikariei ematea". Porlandegiak udalean agiriren bat aurkeztuz gero, "gehienez ere 10 eguneko epean udaleko ingurumen batzordearen bilera ofiziala deituko da. Hara udal teknikariak, herri plataformen ordezkariak eta haien teknikariak deituko ditu udalak". Bilkura horretan, "beharrezkoa balitz, proposamena ebaluatu eta erantzuna adostuko litzateke". Udalak erabaki du bilera guztien akta jasoko dela eta onartu ondoren jendaurrean jarriko da. Azkenik, Olatzagutiako Udalak erabaki du jarduera sailkatuei buruz indarrean dagoen ordenantza (NAO, 1999-07-19) aplikatzen jarraitzea. Puntu horretan, hautetsi independentistek proposatuta, honako testua gehitu zen: "aldi berean, udala argi eta garbi azaldu da Cementos Portland Valderrivas-ek Olaztiko porlandegian egin nahi duen energia balioztapenaren (inzinerazioaren) kontra". OharraBilkura eta gero adostutakoaren berri eman zuten NaBaiko Ruben Garcia, Epi Marin, Sergio Gastaminza eta Javier Gil zinegotziek. Adierazi zutenez, "porlandegiak udalari ustez proposatu dionaren inguruan izan diren akusazio, komentario eta zehaztapenik gabeko eztabaidak harrituta entzun ditugu. Udalean gaur egun ez dago porlandegiaren inolako eskaerarik". Zinegotziek gogora ekarri zuten haien hautagaitza olaztiar talde "hetereogeneoak" osatzen duela, "sentiberatasun, pentsamolde eta kezka ezberdinak dituena. Herrian eta herriarekin bizi nahi du". NaBai-tik gogora ekarri zen hartu zuten konpromisoen artean zegoela "industrializazioaren eta herritarren ohitura txarren ondorioz kutsadura indize handiarekin bizi beharra. Horren aurrean ikertzea eta ebaluatzea, ekiten jakiteko." Aipatu konpromisoa berretsi zuten zinegotziek. Udalak, onartutako mozioa bere egiteaz gain, NaBai-ko zinegotziek ziurtatu zuten olaztiarren "eskura utziko dutela, kontsulta egiteko xedez, porlandegiak erregistroan sartzen duen dokumentazio ofizial guztia, baldin eta lantegian hondakinak erretzeko asmoari buruzkoa bada". Informazioa zabaltzeko asmoa azaldu zuten. Horrekin batera, ziurtatu zuten NaBai-k ez dituela bere gain hartuko "bere kideek edozein komunikabideetan edo eztabaida forotan emandako iritziak edota jakinarazpenak". Horiek "iritzi pertsonalak" izanen direla ziurtatu zuten. Azkenik, NaBai-k esan zuen ez duela "onartuko herriaren bizikidetza eta batasuna hautsi nahi duten barne- edota kanpo- agente guztiak".