Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Cementos Portland Valderrivasek Olatzagutiako Udalean herriko lantegirako aurkeztu duen jasangarritasun planaren lehentasunezko helburua da "garapen jasangarriarekin bat datorren produkzio sistema ezartzea". Horren oinarria erregai fosilen kontsumoa murriztea litzateke, horien artean petrolio kokea, egun Olatzagutiako porlandegiak erabiltzen duena. Kokearen ordez "hondakinetatik sortutako beste erregai alternatiboen balioztapen energetikoa" erabili nahi du enpresak. Hondakin horiek balioztatuz eta koke kontsumoa gutxituz zuzendaritzak esan du "jasangarritasunaren aldetik, lantegian bertan ingurumen onurak" sortzen dituela, "isuriak murriztu litezkeelako. Horrek inguruneko airearen kalitatean eragiten du. Gainera, berriztagarriak ez diren materialen kontsumoa murrizten da eta zabortegietan bukatzen duten hondakin kopurua txikitzen da". ArrazoiakPorlandegiko zuzendari Jose Antonio Garciak 2013ra begira jarri gaitu: "Kiotoko ituna 12an bukatzen da. Itun horrek zuen negutegi efektua sortzen duten gasen isurketa eskubideak arautu zituen. Antza denez, etorkizunean lantegien isurketak egiten duen ibilbidea aztertuko da eta horren arabera banatuko dira eskubideak. Baina ez dohainik. Isurketa eskubideen merkatua dago, baina prezioa igotzea aurreikusten da eta erosteak ez du konpentsatuko". Garciak esan duenez, "lehiakorra ez bazara merkatuak aterako zaitu". Zuzendariak jakinarazi digunez, "estatuko 35 porlandegietatik 28k balorizatu egiten dute. Tartean, gure taldekoa den Lemoakoa eta konpetentziakoak diren Arrigorriaga eta Rezolakoak". Gaineratu duenez, "Europan 25 urte daramatzate balioztatzen, erregaien erdia biomasatik lortu izan dute. Hainbat ikerketa egin dituzte eta ez dago ez minbizi gehiago ez gutxiago. Labean tenperaturak altuak dira eta dena akabatzen dute". Porlanaren ekoizpenean kontrol zorrotzak pasa behar dituztela nabarmendu du lantegiko zuzendariak eta azken urteetan egindako inbertsio handiak ekarri ditu gogora. Garziak gaineratu digunez, lantegiko enpresa batzordea planarekin ados dago. ProzesuaPorlandegiak jasangarritasun plana udalarekin adostu nahi du, "garatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko". Udalak plana onartuko balu hura garatzeko jarraipen batzorde bat sortuko litzateke. Bi aldeekin eta egoki jo litezkeen kanpoko laguntzailekin osatuko litzateke batzorde hori. Zuzendariak esan digunez, "adostasuna lortzeak, baimenak eskuratzeak, beharrezko inbertsioak egiteak, denbora eskatzen dute eta horregatik abiatu dugu prozesua orain, 2013ra egoki iristeko".Erregai posibleakPorlandegietan hondakinetatik sortu eta balioztatzen diren makina bat erregai daude. Horiek aukeratzeko kontuan izanen litzateke haien eskuragarritasuna (gertu sortzeagatik edo bere ezaugarriengatik). Zuzendariak esan duenez, "tokiko erakundeekin lotu nahi dugu zer hondakin balioztatu daitekeen eta zer ez". Zehaztu duenez, "ez hondakin toxiko ez arriskutsurik ez da erabiliko". Planean honako hondakinak aipatzen dira: egurrarenak, hiri hondakinen tratamendutik sortutakoak, hondakin uren tratamendutik sortutako lohia, ibilitako pneumatikoak, erabiltzen ez diren autoen txikitzetik sortutako hondakinak eta animali irinak (lehentasunezkoa ez, gutxi dagoelako).