Alkatea: balioztatzea? hondakinaren arabera

Guaixe 2009ko azaroaren 12a

Epi Marin Amiama alkateak azaldu digunez, berak balioztapenari "ezetza ezetzagatik"  ez dio emanen, "hondakinaren arabera izanen da". Azaldu digunez, "balioztatzera etorriko litzatekeen guztiak fitxa tekniko batekin etorri beharko luke. Ingurumenera zer isurtzen duen zehaztua egon beharko litzateke han. Ingurumenerako eta osasunerako kaltegarria bada, ez. Baina bestela aztertu beharko litzateke". Alkateak esan digunez, "horretaz udal batzordea arduratuko litzateke. Hura abokatuak, ingurumen teknikariak, ingurumen zinegotziak eta alkateak osatzen dute. Enpresa batzordeko kide bat egoteko ere zabalik legoke". Alkatearen arabera, "porlandegiak zehazten duenean, batzordeak hondakin jakin baten balioztatzean arazorik ikusten ez badu, ondoriorik ez dagoelako eta hondakinak desegiten dituelako, aurrera". Marin Europako ingurumen legedia ezartzearen alde agertu da, "estatukoa baino zorrotzagoa delako". Bestalde, gogora ekarri du Nafarroako eta Sakanako minbizi tasa parekoa dela, "hala erantzun zien kontseilariak Ezker Batuaren eta NaBairen galderei Parlamentuan". Bestalde, Marinek nabarmendu du behi eroen kontuarekin, 2005ean, "porlandegia ez zen ongi portatu. Ez zuen azalpenik eman eta jendea kontra jarri zen.". Alkateak esan duenez, "udala porlandegiaren industria jarduera herrian mantentzearen alde dago, bere inguruan aberastasuna sortu dezan, are gehiago krisi garai hauetan. Baina, inondik inora ere ez olaztiarren eta inguruko herritarren osasuna hipotekatzearen truke". Azkenik, gaineratu du "udaletik erabili asmo diren erregai guztien jarraipen zehatza" eginen dela, ezarritako ingurumen mugak zehatz-mehatz bete daitezen".