Sakana Bizirik: hondakinen errausketa oso kaltegarria da

Guaixe 2009ko azaroaren 12a

Sakana Bizirik plataformak porlandegiaren asmoen inguruan bere iritzia zabaldu du ohar baten bidez. Plataformaren iritziz "porlandegietan egiten den hondakinen errausketa, (hondakinen balioztatze energetikoa izenaz ezagutzen dena) osasunerako eta ingurugirorako oso kaltegarria da, erraustegi soilek sortzen dutena baino are kaltegarriagoa".Sakana Bizirik plataformaren ustez, "hondakinen balioztatze energetikoa" berriz, porlandegietan eta horretarako prestatu gabe dauden instalazio batzuetan burutzea planteatzen da, isurketa kontrol eta mugak gaindituz eta porlanaren ekoizpenak duen onarpen sozialean babestuz". Plataformarendako Olatzagutiako porlandegiaren gabeziak lirateke: "iragazki sistemak, porlanaren ekoizpen prozesuaren baldintzak, bukaerako errekuntza eta beste". ArriskuaSakana Bizirik nabarmendu du nazioarteko hitzarmenek (Stockholm) eta ingurumen agentziek (AEBkoa) "agerian jarri dute hondakinak errausten dituzten porlandegiak (balorizazio energetikoa) dioxina eta furano isurtzaile nagusiak direla, minbiziaren sortzaile". Plataformak azpimarratu duenez, "edozein neurritan oso kutsakorrak dira eta haien ekoizpena hamarkoiztu egiten da hondakinak balioztatzen dituzten porlandegietan". Plataformak zabaldu duenez, "euskal gehiengo sindikala, talde ekologistak eta Espainiako Ingurumen Ministerioa ere jarduera honen kontra azaldu dira". Gogora ekarri dute, bestalde, jarduera horren kontra 3200 sakandarren sinadurak bildu direla. Plataformak baieztatu duenez, balioztapenarekin onuradun bakarra enpresa litzateke, "hondakin kudeatzaile bihurtzetik etorriko zaizkio". Sakana Bizirik plataformak, azkenik, esan du: "berriz ere horrelako eztabaida bat irekitzeak ez dio batere mesederik egiten herriari, are gutxiago, bere borondatearen eta udal ordenantza eta arauen gainetik pasatuz bada, jakinda, bestalde, sinaduren aurkezpenarekin eta udalak olaztiarron osasuna aintzat hartuta Ingurumen baimenari jarritako helegitearekin gaia itxita zegoela".