Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kalerako baino barrurako giro hobea dugu azkenaldian. Herriko kultur etxearen aldeko hautua egiteko garai ona da. Irurtzungo, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko kultur etxeek eskaintza zabala iragarri dute astebururako. Bero-bero, hango eta hemengo musikaz eta haur eta helduendako antzerkiaz gozatzeko aukera dugu. Kerobia intimoaZortzi urteko ibilbidearen ondoren, egitasmo berritzailearekin dator Iruñeko Kerobia taldea. Tamaina handiko kontzertuak baztertu gabe, laukoteak ateak ireki dizkio formatu intimo eta akustikoari. Epilogo izena eman diote ikuskizun berriari. Olatzagutiako kultur etxeak hartuko du emanaldia gaur, 22:00etan.Epilogo ikuskizunak Kerobiaren zuzenekoaren intentsitate guztia darama espazio txiki batera. Horri, eszenaratze berezia gehitu behar zaio, Maite Gurrutxagaren ilustrazioen diapositibekin. Atrezzo goxo horretan eskainiko dute Alberto Isabak (kontrabaxua eta ahotsa), Mikel Isabak (pianoa eta sintetizadorea), Mikel Zorrillak (bateria eta akordeoia) eta Xabi Bandinik (gitarra akustikoa eta ahotsa) kontzertua intimoa. Taldearen abestien bertsio berriez gain, kaleratu gabeko batzuk ere eskainiko dituzte. Era berean, hiru istorio txiki kontatuko ditu taldeak entzulearekin solasaldi bat sortzeko helburuarekin. Musika eta mezua, hausnarketa eragiteko. Ordu bete inguruko ikuskizun ederra eskainiko dute iruindarrek. Afrikako doinuak IrurtzunenFolk ametsetan zikloak Euskal Herriko musika herrikoia eta Europa zaharreko musika zelta ekarri zituen joan zen asteburuan Irurtzunera. Bihar, 19:30ean, Afrikako doinuek hartuko dute txanda. Erritmoz beteriko doinuak ekarriko ditu Cabo Verdeko Batuko Tabanka taldeak. Hanka artean tolestutako oihala (batukoa) astinduz sortuko dute oinarri erritmikoa eta haren gainean eraikiko dituzte doinuak. Emanaldiak aurrera egin ahala, goraka joanen da perkusioaren intentsitatea eta dantzara animatuko dira musikariak, afrikar dantzen erritmo bizia agerian utziaz. Taldea osatzen duten 12 emakumeek energiaz beteko dute agertokia eta aho zabalik utziko dituzte ikusleak. Süskinden eleberria antzerkiraTxalo produkzioak Sommer Jaunaren istorioa antzezlana ekarriko du Etxarri Aranazko kultur etxera, bihar, 20:30ean. Patrick Süskind handiaren izen bereko lanean oinarrituta dago antzezlana. 13 urtez katalanez ikusgai egon ondoren, euskarazko tauletara iritsi da. Txikitako oroitzapenen gainean eraikitako istorioa da. Sommer jaunaren eta beste pertsonaia batzuen gainean hitz eginen du protagonistak. Jose Ramon Soroiz telebistako aktore ezagunak hartuko du haren papera, Xicu Masoren zuzendaritzapean. Ahanzturaren lozorroan gorde ditugun pasadizoak esnatuko ditu antzezlan hunkigarriak. Kika supersorgina AltsasunKika supersorgina Altsasuko kultur etxera iritsiko da igandean. 17:00etatik aurrera, haren abenturaz gozatzeko aukera izanen dute etxeko txikiek. Antzezlan komiko-magikoa dakar Ambigu taldeak, abenturaz eta ezustekoz beteta. Agertokitik pasatzen diren pertsonaiak zein baino zein dibertigarriago eta xelebreago izanen dira. Sorgin txikiaren magiaren handitasuna nabarmenduko dute musikak, argiek eta kolorez beteriko eszenografia ikusgarriak.