Asteartean Iruñean Nafarroako zementu industrian iraunkortasunaren inguruko jardunaldia egin zen. CEMA fundazioak antolatutako jardunaldian parte hartu zutenetako bat Olatzagutiako porlandegiko zuzendari Jose Antonio Garcia Martinez izan zen. Porlandegiko jasangarritasun plana aurkeztu zuen. Zuzendariak aurreratu zuenez, "lantegiaren helburua da hurrengo bost urteetan energiaren jatorria %40 aldatzea". Garciak ziurtatu zuen "proiektua martxan jartzeko informazio gardentasuna eta interesatutako alde guztien arteko elkarrizketa" behar direla. Eta aurreratu zuen planaren jarraipen batzordea sortuko dela zeinetan enpresa, udala, Sakanako Mankomunitatea, Nafarroako Gobernua eta kanpo aholkulariak izanen diren. Garciak jakinarazi zuen porlandegiaren erronka handiena dela tokiko eta erkidegoko administrazioekin "berrerabili edo birziklatu ezin diren hondakinen zatiaren balorizazioa adostea". Gaineratu zuenez, "lehiakortasuna handitu nahi dugu, lantegiaren jardun jasangarria eta etorkizuna finkatuz, enplegua eta aberastasuna bermatzeko".