Alkateak dimisioa eman du

Guaixe 2009ko abenduaren 16a

Olatzagutiako alkate Epi Marin Amiamak (NaBai) dimisioa eman du. Irailaren 18an dimisioa eman zuen legegintzaldi hasieratik alkate izandako Iñaki Mentxakak. Marinek haren lekukoa lastailaren zortziko bilkuran hartu zuen. Olatzagutiako Udalak biharko udal bilkura deitua du. Ez dugu zehazterik izan dimisioaren gaia bilkura horretan aztertuko denik. Marinek dimisioa ematearekin batera, bigarren alkateordeari pasa zizkion ardurak: Lourdes Caro hautetsi independentistari. Asteartean jakinarazi zuen Marinek bere erabakia. Bezperan udalak Cementos Portland Valderrivasen proposamena aztertzeko bilera egin zuen. Porlandegiko zuzendaritzak udalari proposatu zion Nafarroako Gobernuarekin batera batzorde bat osatzea lantegian "balioztatu daitezkeen hondakinak zein diren zehazteko". Udalak bilkura hori porlandegiarekin zerikusia duen guztia arautzen duen protokoloa jarraituz egin zuen. Zazpi zinegotzi ditu gaur egun Olatzagutiako Udalak alkatearen dimisioaren ondoren. Iñaki Mentxakak ardurak utzi zituenean zinegotzi akta ere utzi zuen. Haren ordezko Maria Zornoza izendatu nahi zuen NaBai, baina aurretik zinegotzi izateari uko egin zionez, Hauteskunde Batzorde Zentralak ez du halakorik baimendu. NaBai-k hutsik dituen bi zinegotzi aulkiak nola bete aztertzen ari omen da.