Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Domekan egindako herri bazkariarekin despeditu ziren asteburuan Olatzagutiako ikastolaren 40. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldiak. 230 pertsona bildu ziren udal pilotalekuan izan zen bazkarian. Postre garaian ikastolako irakasle izan ziren Mikele Aierdi eta Milagros Lopez de Goikoetxea irakasleak omenduak izan ziren, "ikastolaren sorrera sinbolizatzen dutelako". Ikas prozesua ikastolan bukatu zuen aurreneko ikasleak, Benito Salinasek, eman zizkien oroigarriak. Edurne Lopez de Goikoetxeak eta Pili Vicentek hartu zuten hitza omenaldi ekitaldian. Nabarmendu zutenez, "guraso eta langileen lana, kemena eta ilusioari esker ikastolaren proiektuak aurrera egin zuen, oztopoak eta zailtasunak gaindituz". Eskerrak ere eman zizkieten Olatzagutia eta Ziordiko ikasle ohiei, gurasoei, langileei eta laguntzaileei. Baita "ikastola mantentzen lagundu duten pertsona eta entitateei" ere. Jakinarazi zutenez, asteburukoa Olatzagutiako Ikastolaren 40 urteurrena ospatzeko ikasturtean antolatuko diren zenbait ekitaldiren hasiera izan zen.