Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
KREA, Arabako Vital Kutxaren kultura garaikidearen sormeneko zentroak ikastetxe arteko komiki lehiaketa antolatzen du urtero. Aurten, 27. edizioan, Sakanara etorri da sarietako bat. Iñigo Aritza ikastolako ikasle Markel Galbete Arnanz nagusitu da, Kurrin txerriaren bizitza lanarekin. Olaztiarra izan da 9 eta 13 urtekoen arteko onena. 12 urte baino ez baditu ere, ez da lehen saria olaztiarrarendako. Iaz, esaterako, komiki lehiaketa irabazi zuen Ibarran (400 euroko sari potoloa). Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatutako komiki eta literatura lehiaketan ere zenbait sari jaso ditu. Arabako lehiaketaren irabazleen lan guztiekin bilduma egin zuen KREAk eta ale bana eman zieten irabazleei. Hilaren hasieran jaso zuen saria, Gasteizen. Kamera digital dotorea eman zioten opari. Saridunen lanak jendaurrean egonen dira bihar arte Dendaraba merkataritza guneko Araba Aretoan. Komikia eta poesia eskutikKomiki lehiaketa da KREAk diziplina artistiko horren inguruan bultzatzen duen hezkuntza-programaren muina. Baina ez da jarduera bakarra. Lehiaketarekin batera, zenbait ekimen garatzen ditu sormen artistikoa sustatzeko helburuarekin. Horien artean dago komikiaren eta poesiaren arteko loturari buruzko tailerra. Bertan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen Markel Galbetek. Hiru egunez, literaturako bi diziplinen arteko harremanean hausnartzeko aukera izan zuen Hedoi Etxarte eta Alain Urrutiarekin.