Kaotikoren disko berria kalean

Guaixe 2010eko otsailaren 25a

Ibilbide oparoa du Aguraingo taldeak. Hamar urte betetzen dituen honetan, Euskal Herriko punk-rock talde ezagunenetakoa dugu Kaotiko. "Urtetako lanaren emaitza da" diote. Eta lanean jarraitzeko asmoz jarraitzen dute. Argi utzi dute hori azken diskoan, Reacciona!!! izenekoan. Asteazkenean aurkeztu zuten diskoa Bilbon. Bihartik aurrera batetik bestera ibiliko dira Xabi Aldaz etxarriarra eta bere taldekide Johny, Fonta, Aguayo eta Aguayiko, diskoaren aurkezpen biran. Ibilian-ibilian, Euskal Herria, Katalunia eta Espainia bisitatuko dituzte.Reacciona!!!Horrela deitzen da Kaotiko taldearen azken diskoa. "Punkaren abiadurarekin hornitutako rock zaplaztekoa da" diote. Baga-biga diskoetxearekin grabatu dute. 13 abestik osatzen dute diskoa. Hamar urteko ibilbidearen ondoren, sendotasuna eta biribiltasuna erakusten du taldeak eta aurreko diskoetan baino bizkortasun handiagoa. Beste behin ere, doinu melodikoak dakartza Aguraingo taldeak; koru itsaskorrak erabiliz entzuleak kantuan eta dantzan jartzeko prest daude. Eguneroko injustizien aurkako oihua da Reacciona!!! Kantuen bidez horien aurrean mugitzeko mezua zabaltzen dute. TaldeaHamar urte egin behar ditugu atzera Kaotiko taldearen sorrerara iristeko. 2.000 urtean jaio zen taldea, Kaos Etilikoren bereizketatik. Talde hartako hiru kidek sortu zuten Kaotiko, Fontak (baxua), Aguayok eta Aguayikok (gitarrak). Berehala osatu zen taldea Johny (ahotsa) eta Etxarri Aranazko Xabi Aldaz bateria jolearekin. Bost lagunek egitasmo garrantzitsua jarri zuten abian. Agurain sorleku izanik, nabariak ziren rock talde mitikoen eragina, La Polla Recordsena esaterako. Baina berehala, berezko nortasun hartu zuen taldeak; soinu berezia, distiratsua, sendoa eta kementsua du eta gaitasun berezia du melodiak sortzeko. Testua da kantuen bigarren euskarria. Haren bidez bizi duten errealitate soziala islatzen dute. DiskoakEstilo horren isla dira taldeak atera dituen diskoak: 2001ean argitaratu zuen lehena, Mundo kaotiko izenekoa, disko azkarra, oldarkorra, konprometitua. 2.003an etorri zen bigarren diskoa, Raska y pierde izenekoa. Aurreko diskoa gainditu zuen bai soinuan, bai kalitatean, bai salmentetan. 2.005ean zuzeneko CD-DVDa grabatu zuen taldeak. Ordurako taldeak berezko lekua zuen musika panoraman eta bira arrakastatsua eskaini zuen Euskal Herrian eta Espainian barna. Urtebete beranduago, 2.006an etorri zen taldearen laugarren diskoa, Destino escrito izenekoa. Orain arteko azken diskoa, Adrenalina, 2.008an argitaratu zuten. Taldearen hasierako indarra ageri zuen diskoak eta kalitatean irabazi zuen; patxadaz egindako lanaren fruitua. Disko arrakastatsu horiei berria gehitu diete orain, Reacciona!!! diskoa. Salgai dago ohiko lekuetan. www.kaotiko.comBertan aurki daitezke azken diskoko abestiak eta letrak. Diskoa erosteko aukera ere badago.