Portlanden ingurumen baimen eta irekiera lizentziaren kontrako helegiteak, atzera

Guaixe 2010eko apirilaren 15a

Nafarroako Justizia Epaitegi Goreneko administrazioarekiko-auzi salak ez du onartu Olatzagutiako Udalak eta hiru herritarrek Cementos Portlanden aurka jarritako helegiteak. Errekurtsoak porlandegiari ingurumen baimen bateratua eta ondoren irekiera lizentzia eman zion Foru Aginduen kontrakoak ziren. Porlandegitik adierazi dute epaiak lantegiari lasaitasun juridikoa ematen diola. Ohartarazi dutenez, "kontrako epaia lantegia baimenik gabe utziko luke eta itxieraren arriskua legoke. Bizpahiru urtez ez genuke segurtasun juridikorik izanen". Enpresa batzordea ere epaiarekin pozik dagoela ziurtatu dute zuzendaritzatik. HelegiteaErrekurtsoa jarri zutenen ustez, tramitazioan forma eta epe akatsak zeuden. Horrekin batera, interesatuendako audientziarik ez zela esan argudiatu zuten. Horrekin batera, lantegia herritik 2.000 metrora baino gutxiagora dagoenez, hirigintza eta ingurumen inkonpatibilitateak zeudela azaldu zuten. Udal ordenantzan baimentzen ez diren erregaiak ere erabili direla azaltzen zen beste helegite batean, edota expedientean Egibilgo harrobia ez zela sartzen.UdalaAsteazkenean egindako bilkuran, PSNren ez beste gainontzeko taldeen aldeko bozarekin, Nafarroako Epaitegi Goreneko epaiari kasazio helegitea aurkeztea erabaki zuen. Udalaren gehiengoaren iritziz, "ez da egia enpresaren kontrako epai batek lantegia ixtea ekarriko duenik. Ezarritako emisio mailetara egokitu beharko luke soilik".